SEP. 23 2022 AZKEN PUNTUA Urtaroen iragarpena Iker IBARLUZEA Meteorologoa Kalean jende askok galdetu dit azken aldian: «Hi, Iker, zer udazken edo negu espero duk?». Jakingo banu… Erantzuteko oso galdera zailak dira horiek, batez ere, oraindik epe luzerako iragarpenetan zer hobetu asko dagoelako eta noski, lan egiteko asko daukagulako. Pello Zabala zenak egiten zituen iragarpenak oso ezagun bilakatu ziren. Iragarpen horiei ‘tenporak’ deitzen zaie, nork edo nork oraindik erabiltzen dituenak. Baina kasu honetan zientziaren aldetik ditugun baliabideen inguruan aritu behar dut. Eredu meteorologikoek beraien urtaroen iragarpenak dituzte. Gehienek aurtengo udazkena epelagoa eta lehorragoa izango dela diote eta bakarren batek, freskoagoa eta hezeagoa. Non dago arazoa? Iragarpen horiek oraindik ere fidagarritasun gutxi dutela. Iragarpen horiek egiteko erabiltzen diren ereduak hasierako parametro zehatz batzuetatik ateratzen dira: uraren tenperatura mundu mailako txoko jakin batzuetan, lurraren hezetasun maila, uraren tenperatura anomaloak eta abar. Hasierako parametro horietako bat aldatzen bada, hasierako ereduak erabat aldatzen dira. Horregatik da hain zaila, eta ez hain fidagarria, urtaroen inguruko iragarpenak erabiltzea. Hala eta guztiz ere, datozen urteetan esparru honetan hobekuntza nabarmenak ematea espero da.