GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRUGBIA

Gernikak errugbiko Ohorezko Mailan segituko du 2022-2023 denboraldian

Gernikako jokalariak, iazko azken partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2021-22 denboraldiaren amaieran Gernika Rugbi Taldeak Ohorezko Maila galdu zuen zelaian. Alabaina, datorren denboraldian maila gorenean jokatzeko aukera izango du berriro ere, atzo klubak berak jakinarazi zuenez, Kirolaren Administrazio Auzitegiak (TAD) arrazoi eman baitzion iraila hasieran Bizkaiko taldeak aurkezturiko helegiteari. Hala, 13 taldez osaturiko Liga jokatuko da Ohorezko Mailan; tartean, Euskal Herriko beste bat izango da, Ordizia.

Alcobendas taldeak Gavin Gert Van den Berg jokalari hegoafrikarra oker zelairatu zuen iragan denboraldiko zenbait jardunalditan: seigarrenetik hamalaugarrenera. Hori jakinik, Gernikak salaketa jarri zuen, iruzurrezko fitxa horrek kalte egin ziolakoan.

Datorren asteburuan hasiko den Ligarako egutegiaren zozketa eginda zegoen iragan uztailetik, baina astelehenean berriro egin beharko da.

KOPAKO FINALA

Bitartean, gaur, 13.00etan, Ciencias Enersidek eta El Salvadorrek 2021-2022ko Kopako finala jokatuko dute La Cartujan. Partida maiatzean jokatzekoa zen, baina Alcobendasen inguruko auzia hasia zen ordurako. Horiek jokatu behar zuten finala, baina Cienciasek hartuko du bere tokia. Iñigo Atorrasagasti euskalduna izango da epailea.