GARA Euskal Herriko egunkaria

AEBetako Kapitolioa indarrez hartzeko saiakeraren mamua berpiztu da Brasilen

Bolsonaro, bizkartzainarekin bozkatu ostean. (CarlL DE SOUZA | EFE)

Brasilgo presidenteak, Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak, eta Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohiak goiz bozkatu zuten atzo, agintari ezkertiarra faborito garbia den hauteskunde orokorretan.

Lulak Sao Paulon bozkatu zuen eta Brasilek berriro ere zoriontsu izateko eskubidea berreskuratzea behar duela aldarrikatu zuen, «bakean eta itxaropenean biziko den herrialdea, gizartearen parte hartzearekin bere etorkizuna eraiki ahal izango duen gizartea» izan behar duela.

Rio de Janeiron bozkatu ostean, Bolsonaro ziur agertu zen lehen itzulian irabaziko zuela. «Hauteskunde garbiak izatea espero dut. Horrela bada, bozen %60rekin irabaziko dugu», ziurtatu zuen.

Aldiz, inkesta guztiek Lularen garaipena iragarri dute; batzuek, gainera, atzoko lehen itzulian botoen %50 gehi bat eskuratuko zuela aurreikusten zuten.

Bolsonarorenn mezua mehatxu bat da. Bolsonarotarrek ez dute porrota onartuko, ez lehen itzulian, ezta emaitzek urriaren 30eko bigarren itzulia eskatzen badute ere.

Kapitolioa indarrez hartzeko saiakeraren mamua berpiztu daiteke Brasilen. Adi, beraz, emaitzen ondorengoari.