GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Riojaren erakustaldia eta hierarkia handiko garaipena babazorroentzat

Babazorroak hiru goletako bat ospatzen. (RAUL BOGAJO | FOKU)

Zazpi partida porrotik jaso gabe egotea ez da kasualitate kontua. Kausalitatetik gehiago daukate Luis Garcia Plazaren taldeak erdietsitako emaitzek eta atzo, beste behin, lan on hori berretsi zuten hierarkia handiko garaipenarekin. Garaipen horretan, izen bat nabarmendu zen: Luis Rioja, alegia. Gol bat, pase bat eta gol erdi bat.

Andaluziarrak beste maila batean dagoela erakutsi zuen eta bere kideek ere maila onean erantzun zuten. Guridi han eta hemen, Miguel De la Fuente errematatzeko prest -berea izan zen bigarren gola-, Alkain une oro saiatzen eta hauen guztien zuzendari Salva Sevilla beteranoa.

9. minuturako aurreratu ziren babazorroak Riojaren bitartez, 23. minutuan iritsi zen 2-0ekoa eta, atsedenaldiaren aurretik gola jaso bazuten ere, ez ziren kikildu babazorroak eta aukera gehiago eraiki zituzten bigarren zatian. Guridi, Duarte eta Miguelen erremateek gutxigatik ez zuten ikusi atea; bai, ordea, Yurik desbideratutako Riojaren erdiraketak. Lasaitasunaren gola eta lidergoa Alavesentzat.