Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Karraspio hondartzan amaitu da EHSFren 2022ko Surf Gazte Zirkuitua

Mendexako Karraspio hondartzan eman dio amaiera Euskal Herriko Surf Federazioak aurtengo Surf Gazte Zirkuituari. Berta Gainez eta Diego Martin txapeldun, 18 urtez azpikoan, eta Ane Illarramendi eta Martin Garcia-Eizaga nagusi, 14 urtez azpikoan.

18 urtez azpiko finalistak, Ibone Gomez, Laine Goenaga, Berta Gañez eta Saio Ortega.
18 urtez azpiko finalistak, Ibone Gomez, Laine Goenaga, Berta Gañez eta Saio Ortega. (EUSKALSURF.COM)

Atzo amaitu zen Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen duen Surf Gazte Zirkuitua. Mendexako Karraspio hondartzan egin zuten 18 urte eta 14 urtetik beherakoen zirkuituko bigarren eta azken txapelketa. Balio bikoitza zuen lehiaketak eta metro bateko olatu ederrak izan ziren. Gazteenek indartsu eta gogotsu daudela erakutsi zuten.

Ekainean La Arena hondartzan egin zen txapelketaren antzeko parte-hartzea izan zen atzo. Lehiakide gehien mutilen 14 urtez azpiko kategorian izan zen; guztira 14 urtetik beherako 19 lehiakide izan ziren lehian. Aitzitik, maila berean baina nesken kategorian lau lehiakide baino ez ziren izan eta, ondorioz, txanda bakarra osatu zuten 14 urtetik beherako neskek.

Aldiz, lehiakide gehiago izan zen 18 urtetik beherako kategorian. Guztira, 15 mutil eta 11 neska itsasoratu ziren Karraspio hondartzan.

Giro bikaina Eguraldiak lagundu zuen eta baita itsasoak ere, baina batez ere lehiakideen arteko giro bikaina azpimarratzen zuen epaile aritu zen EHSFko kide batek. Metro bateko olatu ederrak izan ziren Karraspion; tarteka olatu handiagoak ere iristen ziren, eta, olatuek ihesbide luzerik ez bazuten ere, surflari gazteek beren maila erakutsi ahal izan zuten.

Hego haizea izan arren, izan zen airekoak egiten saiatu zen lehiakiderik, baina batez ere bira indartsuak eta olatua amaitzeko aparraren kontrako birak egin zituzten gazteek. Nesken kategorian emaitza hauek izan ziren 18 urtez azpiko mailan. Lehena Berta Gañez geratu zen, bigarren Laine Goenaga, hirugarren Saioa Ortega, eta laugarren Ibone Gomez.

14 urtez azpiko kategorian, ostera, Ane Illarramendi gailendu zen. Bigarren postua Oihane Goñirentzat izan zen, hirugarren postuan Nora Romeo geratu zen, eta laugarren, berriz, Nora Alvarez.

Mutilen kategorian ere lehia bizia izan zen hamalau urtetik beherako surflari gazteen artean. Azkenean, Martin Garcia-Eizaga izan zen irabazlea, bigarren postuan Unai Zenarrutzabeitia geratu zen, hirugarrenean Alex Loidi, eta laugarrenean Hodei Murgiondo. Gazteenak horrelako indarrarekin ikusita hurrengoak berotu egin ziren eta txapelketako unerik hunkigarrienak jarraian etorri ziren, mutilen 18 urtez azpikoen finalean.

Lehiakideak ariketa zailenak egiten saiatu ziren, baita airekoak ere, eta surflariren bat edo beste ariketa osorik egiteko zorian izan zen. Azkenean Diego Martin nagusitu zen, eta bigarren postuan, alde oso txikiagatik Kemjiro Erostarbe geratu zen. Hirugarren postua Keoni Lasarentzat izan zen eta laugarrena Iker Triguerorentzat.

 

Mundakara begira Karraspioko txapelketa amaituta, iazko klasifikazioa, La Arenan eskuratutako emaitza eta Karraspion lortutakoa hartuko dira kontuan ranking orokorra osatu eta aurtengo irabazleak izendatzeko, baina Karraspioko emaitzak balio bikoitza izango du.

18 urtez azpiko kategoriako irabazleek, gainera, abenduan Mundakan egingo den Olaian Euskal Surf zirkuituko azken proban parte hartu ahalko dute. Beraz, kategoria irekian lehiatu ahal izango dira Europako ezker olatu onenean.