GARA
donostia

James Rhodesek Donostian joko du etzi eta Emir Kusturica ez dator oraingoz

James Rhodes piano-jotzailea Victoria Eugenia antzokiko agertokira igoko da etzi, eta, aldiz, Emir Kusturica hilaren 13an eskaintzekoa zen emanaldia bertan behera geratu da.

James Rhodes publiko donostiarrarekin elkartuko da Victoria Eugenian.
James Rhodes publiko donostiarrarekin elkartuko da Victoria Eugenian. (DONOSTIA KULTURA)

James Rhodes pianista eta idazleak Donostian egingo du geldialdia ostegunean “Piano tour 2022” biraren baitan. Frederic Chopin konpositorea izango du ardatz eskainiko duen errepertorioak.

«Erabateko esperientzia inklusiboa» bihurtzen du ohiko kontzertu klasiko bat, antolatzaileen esanetan: «Ikus-entzuleekin partekatzen ditu musikarekiko maitasuna eta pasioa, eta lortzen du ikus-entzule bakoitzak, berarekin ez ezik, aurkezten eta interpretatzen dituen konpositore handiekin konektatzea».

Horrez gain, Rhodes komunikatzaile aparta da. «Bere jakintza liluragarria partekatzen asmatzen du, adimen zorrotza eta umorea paregabe nahasiz. Hartara, lortzen du gairik serioenak, hala nola musika klasikoa, denentzako ulergarri bihurtzea», nabarmendu du Donostia Kulturak. Musika izan zuen helduleku musikari ingelesak bere bizipen mingarriei aurre egiteko. Umetan urte luzez gimnasia irakaslearen sexu jazarpena sufritu zuen. «Bach-ek salbatu ninduen», esan izan du.

Literatura ere jorratu du. Lehen pertsonan kontatu zituen “Instrumental” liburuan (Blackie Books) bizipen lazgarriak.

Kusturicaren kontzertua, ahalik eta azkarren

Aldiz, Emir Kusturica & The No Smoking Band taldeak datorren urriaren 13an Donostiako Kursaal Auditoriumean eskaini behar zuen kontzertua bertan behera geratu da, «logistika arrazoiengatik». Espero dute «ahalik eta lasterren» egin ahal izatea.

Emanaldirako sarrera Kursaaleko webgunean erosi dutenei automatikoki itzuliko zaie dirua, eta txarteldegian erosi dutenek, berriz, 943-003170 telefono zenbakira deitu beharko dute.