Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Logografoak

Bautain apaizak jendaurrean hitz egitearen arteari buruzko ikerketa bat argitaratu zuen 1865ean. «Jende askori batera mintzatzea da jendaurrean hitz egitea, ustekabean edo dena delako interesagatik bildutako asanblada bati». Ondoren azalduko du nola behar zaion mintzatu auditorioari. Ez da gauza berria besteen aurrean berba egiteko arrazoiaz eta, batez ere, baliabideez irakaspenak eskaintzea. Aristotelesek “Erretorika” edo Zizeronek “Hizlaria” liburuetan horren gaineko argibideak eman zituzten. Garai batean apaiz sermolari onak batetik bestera deitzen zituzten euren mingain abilaren graziak erakuts zitzaten pulpitutik. Ez da erraza jendaurrean mintzatzea. Irene Vallejok “Infinitua ihi batean” liburuan (Fernando Reyren itzulpen zoragarriarekin argitaratu dena) azaltzen digu Antzinako Grezian epaiketetarako defentsa edo akusazioa egin behar zuenak baina hizketan iaioa ez zenak mintzaldia idatziko zion profesionala kontratatzen zuela: logografoa. Pertsonaia hau hizlaria omen zen eta lan horiekin dirua eta ospea bilatzen zituen.

Kontalariok, sortzaile eta artista garen aldetik, Antzinako Grezia hartako hizlarien antzera, bizimodu prekariora kondenatuak gara; baina, beharbada, orduko haiek asmatu zuten bezala, ospea eta izen ona lortzeko asmoz, besteentzat hitz eder eta zehatzez osaturiko eta ozen emango diren diskurtsoak idazteko bidea deskubritu beharko genuke. Kontalari izatetik logografo izatera; horra prekaritateari aurre egiteko irtenbidea. Edo ez.