GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - EHF EUROPEAN LEAGUE

Bidasoa beste balentria bat eginda Europako multzo fasera iritsi da

Joaneko partidan lortutako hiru goleko errenta berdindu zuen Kolstadek Norvegian itzulerakoan (28-25), baina penaltietan irundarrek irabazi zuten (5-6) eta Europan lehiatu ahal izango dira aurten ere. Skrzyniarz atezaina protagonista izan zen.

Bidasoa Irungo jokalariak, pozarren, penaltietan EHF European Leagueko multzo faserako sailkatu ostean. (CD BIDASOA | CD BIDASOA)

Ez sinestekoa! Bidasoa Irunek hiru goleko errenta eskuratu zuen joaneko partidan Artalekun, eta Kolstadek, Norvegian, errenta hori berdintzea lortu zuen atzo azken minutuetan, penaltiak behartuz (28-25). Lehenengo hamar jaurtiketak sartu zituzten, denek, baina jaurtitzaileak berriro aukeratzean, Jakub Skrzyniarzek &dle;-aurten fitxatua eta partidako protagonista 13 geldiketarekin- Langelandi geldiketa egin zion eta ondoren Iñaki Caverok -joaneko partidako protagonista hamar golekin- gola sartu zuen (33-31) Bidasoa Irun EHF Europa Leagueko multzo faserako berriro sailkatzeko.

Hala, bigarren urtez jarraian lehiatuko dira irundarrak Europako multzo fasean. Ez hori bakarrik. Gorengo mailara igo zenetik, hirugarren aldiz egongo da Europako onenen arteko multzo fasean.

Beraz, aurten beste pauso bat emateko prest da Bidasoa Irun. Taldea aldatu egin da iaztik hona, bai, baina maila, gogo eta lehiakortasun bera ageri du. Atzo hala erakutsi zuten. Lehen minutu zail batzuk bizi izan zituen Jacobo Cuetararen taldeak partida hasieran. Etxekoen hiru goleko errenta bertan behera geratu zen (7-4), baina joanekoan ikasitakoari jarraituz, defentsa aurreratu eta sendotu egin zuten irundarrek, Jakub Skrzyniarz atezainaren laguntzaz. Atsedenaldira markagailuan aurretik zeudela joan ziren (12-13).

Bigarren zatian, Kolstad beste indar batekin atera zen eta 4-0eko partzial bat lortu zuen. Kasualitateak kasualitate, Bidasoak oso ondo jokatu zuen jokalari bat gutxiagorekin aritu zen minutuetan, eta talde trinkoa dela erakutsi zuen; horri Julen Aginagalderen eskarmentua gehitu zitzaion. Irungo beste jokalari gazte batek eman zion, ordea, txartela Bidasoari penaltietan: Iñaki Caverok.

Bera Berak urriko lehen hitzordua du

Arraroa bada ere, Super Amara Bera Berak Ligako partida du astean zehar, gaur bertan Gascan, Gijonen aurka (19.00). Asturiarrek Europakoan larunbat honetan Italian debutatuko dutenez Mestrinoko Ali-Best Espresso taldearen aurka, data horretan Donostian jokatzekoa zen norgehiagoka gaur arratsaldera aurreratu dute. Gijonek lau puntu ditu sailkapenean, zortzigarren izanik, eta gipuzkoarrak bigarren dira sei punturekin.

Ligako etenaldira iritsi aurretik, gaurkoa donostiarrek urrian jokatu beharko dituzten hiru neurketetatik lehenengoa da. Izan ere, Bera Bera eta Mecalia Atletico Guardes taldeek zortzigarren jardunaldiari dagokion partida Donostian urriaren 16an (igandea, 12.00etan) jokatzea adostu dute, Europari ekiteko abenduko lehen astea libre uzte aldera. Bi taldeek abenduaren 3-4an debutatuko dute Europan; oraindik aurkaria zehazteke dago, zozketa urriaren 18an izango baita.

Urriari amaiera emateko, 22an aurten ustekabea ematen ari den Beti Onak talde nafarra bisitatuko dute Atarrabiako Indurain Anaiak kiroldegian. GARA