Amaia EREÑAGA
BILBO

Alondegiko komunitate artistikoa, barren-barrenetik

Gela batean, performance bihurtuko diren eskulturak; ondokoan, horman zintzilikatutako mugikor batzuetatik literaturaz mintzatzen; hirugarrenean, luthier batek sortutako automata batzuk musika egiten. Arte diziplina ugari batzen dira Bilboko Alondegian eta, atzo, ate irekien egunean, urte osoan isilean egiten diren lanak eta ikerketak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zen. Harrigarriak, ulergaitzak, kitzikagarriak oso.

Elena Aitzkoa eta bere eskultura, atarian. Ondoan, goitik behera, Blanca Origaren lana eta Tunipanea luthierra.
Elena Aitzkoa eta bere eskultura, atarian. Ondoan, goitik behera, Blanca Origaren lana eta Tunipanea luthierra. (Oskar MATXIN | FOKU eta Jon EGIA)

Ateak eta leihoak irekitzean etxe barneko haizea berriztu egiten dugu. Freskatu, ideia berriak sartu. Antzeko zerbait pentsa zitekeen Bilboko Alondegiko ate irekien egunaren zentzuaz, baina agian justu kontrakoa izan liteke, egoitzaren barnean ikusitakoa aintzat hartuta. Denboraldi berriari hasiera eman zioten atzo Bilboko erdigunean kokatutako “sormenaren faktorian”, ofizialki Azkuna Zentroa den horretan. Eta urtero bezala, ohi denez, Philippe Starckek modernitate ilun eta barrokora ekarri zuen ardo-biltegi zaharraren barrunbeak plaza bihurtu ziren atzo. Kaleko plaza; sortzaileen plaza. Bertan urtean zehar eraikitzen diren proiektu artistikoak aurrez aurre ikusi ahal izan zituelako kaleko jendeak. Baita sorkuntzari laguntzeko programetan dauden artistekin hitz egin, horien lanera hurbildu eta galderak egin ere.

Hogeita hamar proiektu garatzen ari dira Alondegian, Fernando Perez zuzendariak jakinarazi zuenez. Artistetako batzuei Alondegiak berak egin die proposamena; beste batzuk, berriz, Babestu izeneko programako egoiliarrak dira. «Hemen ez gara egitaraua egitera soilik mugatzen, sormenaren haztegia baikara. Hemen sormenerako denborak luzeagoak dira: egoiliarrak bizpahiru urte egon daitezke lanean». Helburua zein da? «Komunitate artistikoa sortu ahal izatea».

Horren adibideetako bat da Blanca Ortiga artista eta arte ikertzailea. Urtebete darama Bat espazioan lanean, “Shifter!” proiektuaren barnean. Eskulturaren eta performatibitatearen artean kokatzen da bere jarduera. Zertarako balio izan dio berari egoiliar gisa daraman tarteak? «Tamalez, erakundeek beti lan berriak eskatzen dituzte, eta ez da erraza erakusketak prestatzea. Honek aukera ematen dizu lana garatzeko, ikertzeko, proiektua denboraz prestatzeko, eta hausnartzeko», azaldu du.

Ondoko gelan literaturari lotutako lanketa bat egiten hasi zen duela hilabete Isabel de Naveran. Literatura, olatuak, ahozkotasuna... urtarrilean beste emakume pentsalari batzuekin batera egingo dituen jardunaldiak biribiltzen ari da orain.

“Ur aitzak” Alondegiaren eta Elena Aitzkoa artistaren arteko lanketa bat da. Eskulturak dira, pixkanaka atarian agertuko direnak, betiere poesiari lotuta.

Eta Jonathan Garcia Lana Tunipanea izeneko “luthier esperimentalak” prestatzen ari da, eraikinaren beste gune batean aurki zabalduko duen erakusketa eta kontzerturako (hilaren 19an). Musika, teknologia berriak eta arte garaikidea uztartzen ditu lantegia Cortes kalean duen egile honek. Artisautza eta artearen arteko mugan, automata musikalak sortzen ditu: esaterako, piano bat birziklatuz xilofono antzeko bat mugitzen da algoritmo baten doinupean... eta sortzen diren doinuak zoriak elkartzen dituela dio, hori baita bere erakusketaren leloa: “Zoriaren barne-erritmoa”.