GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Wendenstock-eko zazpi bide 24 orduan igo ditu Schupbach suitzarrak

Silvan Schupbach suitzarrak egin du Alpeetako hormatzar horretan jarduera handi hori. Hasieran ezinezkoa iruditzen zitzaiona aurrera eraman zuen, Carlos Molina argentinarra sokakide zuela. 2.000 metro eta 51 luze igo ditu.


Silvan Schupbach-ek munduko horma eta mendi teknikoetan eskalada bikainak egin ditu. Patagonian, Groenlandian, Pakistanen, Alpeetan eta beste hainbat mendilerrotan izan da. Horien artean Alpeak oso gustuko ditu. Eta, hain zuzen ere, etxeko hormatzar enblematiko batean, Wendenstocken, jarduera ikaragarri bat sinatu zuen abuztuaren 31n.

Datuak izugarriak dira: zazpi bide 24 orduan. Beste era batera esanda, 2.000 metro eta 51 luze. “Gemini” (7c, 200 m) da marra horien guztien artean zailena, eta “Excalibur” (6b+, 350 m) samurrena. Alabaina, Wendenstocken eskalatu duen edonork badaki bideen maila ondo baino hobeto jarrita dagoela. Ez du, hortaz, zailtasun komertzialik. Eta hori baieztatu ahal izateko maiz esaten da Wendenstocken 7a egiten duena gai dela maila bera edonon egiteko. Bide fisikoak eta teknikoak ditu, eta halako proposamenak eskalatu nahi dituenarentzat paradisua da.

39 urteko suitzarrak ondo ezagutzen ditu Wendenstockeko zirrikituak; hala ere, ez zeukan oso argi maratoi hori biribiltzeko aukera izango zuen: «Egitasmo hori aurrera eramaten ausartu nintzen, baina hasiera batean ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Badakit zentzurik ez duen ahalegina dela, baina berriro errepikatuko nuke. Inguru basatia, zorrotza eta ikaragarria da. Kareharri bertikal horretan maiz eskalatu dut. Azken bidea “Polenta” (8b, 550 m) izan da. Esku artean nuen xedeak, berriz, asko eskatu dit. Uste dut nire muga fisiko eta psikologikoak gainditu ditudala».

Hemeretzi urte zituela bisitatu zuen aurrenekoz Schupbachek Wendenstock. Lehen hartu-emana ez zen oso atsegina izan; besteak beste, murru horrek duen estiloak (bertikala, plakak…) ez zuen bat egiten protagonistaren ezaugarriekin. Ez zuen etsi, eta alderdi paregabe horren sarean erori zen: «Pareta horien oinarrian eten bat egitea etxean sentitzea edo lagun zahar batekin topo egiten duzunean bezala da. Arroka hori ukitzen dudan bakoitzean zer edo zer berezia gertatzen da. Ondo sentitzen naiz, energia askorekin eta erabat emozionatua».

Eskalatzaileak berak aitortu duenez, proiektu hori sinatzea oso-oso zaila da. Bazekien eragozpen handiak izango zituela. Batetik, aukeratutako marra batzuk zailak eta arriskutsuak direlako. Eta, bestetik, rappel asko egin behar direlako eta sektore batetik bestera joateak denbora asko eskatzen duelako. Zalantzak horiek alde batera uzteko, lan eskerga egin behar izan zuen: «Lehenik eta behin, arazo kritiko garrantzitsuenei irtenbidea bilatu behar nien. Proiektuan dauden bide guztiak igo nituen, eta, ondoren, bide batetik bestera egin beharreko aldaketa guztiak ebaluatu behar izan nituen. Azken erabakia ebaluazio logistikoetan oinarritu nuen, ez maila atletikoan».

JARDUERA «EROA»

“Gemini” (7c, 200 m) izan zen lehen bidea: «Teknikoki zailena izan zen. Nahasiena, aldiz, azkena: ‘Imago’ (7b, 250 m). Bide teknikoa da, eta oso egoera kaskarrean igo nuen: oinak puztuta, kopetako-argiarekin, burua erabat nekatua… Hogei ordu neramatzan eskalatzen eta atsedenik hartu gabe. Carlos Molina sokakide izan nuen, eta azken bi luzeetan sokaburu joateko eskatu zidanean asko lasaitu nintzen. Ordutegia ondo zehaztea eta kontrolatzea da erronka honen eite inportanteena. Bide horiek ezagutzera joan nintzenean, Carlos lanpetuta zegoen. Gainera, ez nekien erabat motibatua egongo ote zen xede honekin. Eta ez nekien nola transmititu nire grina. Behin bukatuta zera esan dezaket: nire sokakide egokiena izan da. Eskaladan duen gaitasunak eta bere konpromisoak berebiziko garrantzia izan dute arrakasta lortzeko».

Schupbachek argi eta garbi du erronkaren alderik zailena ez dela bideen zailtasuna izan, baizik egin zituen rappel guztiak: «Edozein eskalatzailek edo alpinistak badaki rappelak, oro har, arriskutsuak direla. Maniobra hori egitea erraza da baina, era berean, hanka sartu eta istripua izan dezakezu. Adibidez, horietako batean oso nekatuta nengoen, eta elur zelai bat zeharkatu behar izan genuen. Udako beroagatik ez zegoen egonkor. Artesi handi bat osatu zen, eta handik segurtasuna zainduz ibiltzeak kontzentrazio handia eskatu zigun. Xedearen unerik nahasienetarikoa izan zen».