Jon ORMAZABAL
PILOTA

Rock and rolla erabat gailendu da aurtengo kaiolaren soinu bandan

Aitor Elordi eraginkor eta ausart bat nagusitasunez gailendu zitzaion «itzalitako» Jaka bati, eta Peñaren joko elektrikoak Urrutikoetxea jan zuen.

Oldarkorrago aritu zen Peña Zallan.
Oldarkorrago aritu zen Peña Zallan. (Oscar MATXIN EDESA | FOKU)

Tabernetan galdutako lekua rock and rolla frontoietan aurkitzen ari dela dirudi. Dena da abiadura, dena erritmoa, dena mugimendu zuzenak... eta doinu horietara moldatzen ez denak ezer gutxi du egiteko gaur egungo lehiaketetan eta are gutxiago, kaiolan. Zalantzarentzat edo apaingarrientzat betarik ez dago eta ostiralean Villabonan gertatu bezala, aurrerapausoa ematen ausartu ez ziren Jaka eta Urrutikoetxea final laurdenetako ligaxkatik at geratu ziren Elordi (22-16) eta Peñaren (22-18) aurka merezita galduta.

Zallako lehen partidan, Aitor Elordik erakutsi zuen iazkoa ez zela kasualitatea izan eta duela bi urteko txapeldunordea lehiaketatik at utzi zuen, haren botika emanda. Estiloz oso antzekoak izan daitezkeen bi pilotariren arteko dema izan zen atzokoa, euren jokoa sakean eta hurrengo errematean oinarritzen duten horien artekoa, gaur egun nagusi den estilo horretakoa, eta esan genezake bere izaerari fidelagoa izan zenak eraman zuela ligaxkarako txartela.

Partida orekatu eta gogor hasi zen, baina binakako berdinketatik aurrera, Aitor Elordi nagusi izan zen kantxan. Presioa bientzat handia zen arren, berean libre aritu zen mallabitarra, sakearekin mina eginez eta atzera begiratu gabe errematearen bila joanez.

Jakaren kasuan, aldiz, inork baino hobeto deskribatu zuen lizartzarrak berak bere atzoko eta azken aste luzeetako jarduna: «itzalita» ikusi zuen bere burua; ideia argirik gabe eta mugimenduetan trakets antzera. Hala, partidak ihes egin zion, Elordi 2-10 eta 5-16 aurreratuta. Orduantxe, partida galduta zuela, askatu zuen pixka bat bere burua Jakak eta bere onera heltzea lortu zuen. Tantoak lortzeko ezer gutxi behar duen arren, beranduegi askatu zuen barruan duen korapiloa.

BALADARIK EZ

Rock talde askoren arrakastak baladak izaten dira eta saiatu zen, bigarrenean, Mikel Urrutikoetxea partidari erritmo pausatuagoa ezartzen. Tarteka, markagailuan abantailak ere izan zituen, 7-3koa kasu, baina azkenerako Jon Ander Peñaren joko elektrikoak aurretik eraman zuen. Erasoan ausart aritzeaz gain, sake errestoan eta oinetara etorritako pilotak ateratzean bereziki egoki ibili zen tolosarra, udatik kaiolari neurria hartuta, eta Urrutikoetxeari beste martxa bat falta izan zitzaion.