OCT. 10 2022 PILOTA Darioren abiadurak Agirre eta enpresen arteko oreka airean eraman ditu Aireko jokoan erabat eroso sentitzen ez den arren, pilotari abiada izugarria sartuta, batez ere sakearekin, kaiolan ere molda daitekeela ikasi du errioxarrak. Baikok bi ordezkari baino ez ditu izango final laurdenetan. Dariok lehen partida irabazi zuen kaiolan. (Iñigo URIZ | FOKU) Jon ORMAZABAL Airez erosoegi moldatzen ez den pilotaria izaki, zalantzaz josia ekin zion Dario Gomezek kaiolako lehen mailako bere lehen partidari Lekunberrin. Hankak dardarka izan zituela ere aitortu zuen Ezcaraigoak partida amaieran, baina une zail horietan bere baliabideei etekina ateratzen jakin izan zuen eta Jaian Jai bezalako pilotaleku bizi batean pilotari sekulako abiadura emanez, Asier Agirre kanporatu zuen eta final laurdenetako ligaxkan arituko da lehen aldiz. Emaitza horrekin final laurdenetako ligaxka erabakita geratu da eta nabarmentzekoa da zortzi pilotarietatik sei Aspekoak izango direla, Baikokoak bi baino izango ez diren bitartean: Urrutikoetxea kanporatu zuen Peña II.a eta Unai Laso, iazko txapeldunordea. Pilotarien ezaugarriak ere aurreko hiru egunetakoen desberdinak izanda, Lekunberriko partidak beste garapen bat izan zuen; aireko jokoak garrantzia txikiagoa izan zuen eta sakeak berebizikoa hartu zuen. Lehen tantoak ikaragarri azkarrak izan ziren, lehen pilotakadarekin min dezentekoa egin baitzioten elkarri. Hala ere, jokoan horrenbeste izanda, bi pilotariek ere akatsak egin zituzten, horrenbeste arriskatuta -sake batzuetan bi paretak jota atera zuten- bi falta ere egin zituen errioxarrak -Agirrek egindako falta bat ontzat eman zuten epaileek- eta lehen zati hori borrokatua izan zen oso. UNE BATEAN ERABAKI Lehen atsedenaldira arte ere Arrotxapeako aurrelariak partidan sartuta heltzea lortu zuen (10-12), nahiz eta ordurako nabaria zen Aspekoak beste gatz bat sartzen ziola pilotari. Ordura arteko oreka hori, ordea, istant batean hautsi zen. Dario kirioak baretzeko gai izan zen eta, batez ere sakearekin asko asmatuta, ezkerparetara abiadura bizian sartu zuen, partida erabat bere aldera eraman zuen 0-6ko partzial batekin. Arerioaren abiadurak harrapatuta, Asier Agirrek ez zuen bere jokoa egiteko modurik topatu eta, defentsa handiko pilotaria izanda ere, ezer gutxi egin ahal izan zuen, atarikoan horren itxura ona eman ondoren. ALTUNA SASOIAN Estelarrean beste erakustaldi bat eginda, Martijarekin 22-13 irabazi zieten Etxeberria-Zabaletari. Sasoian da Altuna.