Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Macy Callaghan eta Leonardo Fioravanti garaile CS itzuliko bosgarren lehiaketan

Macy Callaghan australiarra eta Leonardo Fioravanti italiarra nagusitu ziren Portugalen egindako Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketan. Ariane Ochoa bilbotarra eta Adur Amatriain zarauztarra final laurdenetara iristeko zorian izan ziren.

Irabazleak, Fioravanti eta Callaghan.
Irabazleak, Fioravanti eta Callaghan. (WORLDSURFLEAGUE.COM | WORLDSURFLEAGUE.COM)

Urriaren 8an amaitu zen “EDP Vissla Pro Ericeira” Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketa. Ia bi metroko olatu ederrak izan zituzten astean zehar Ribeira D’hilas eskuin olatu famatuan eta azken txandetan ere baldintza politak izan ziren. Azkenean, Macy Callaghan australiarra eta Leonardo Fioravanti italiarra nagusitu ziren.

Mutilen artean lehiatzeko eskubidea zuten 96 surflarien artean hiru euskal herritar zeuden: Aritz Aranburu, Andy Criere eta Adur Amatriain. Nesken kategorian, bestalde, 64 lehiakideetatik sei Euskal Herrikoak ziren; hots, Pauline Ado, Janire Gonzalez-Etxabarri, Leticia Canales, Garazi Sanchez-Ortun. Nadia Erostarbe eta Ariane Ochoa.

Euskal ordezkari guztien artean, Ariane Ochoa bilbotarrak eta Adur Amatriain zarauztarrak lortu zituzten emaitzarik onenak eta horri esker, CS rankingean gora egin dute.

Oraindik ere beste bi lehiaketa falta dira aurtengo CS zirkuitua amaitzeko. Lehiakide bakoitzak urtean zehar eskuratutako lau emaitza onenak hartuko dira kontuan denboraldi amaieran eta rankingeko lehen hamar mutilak eta lehen bost neskak lehen mailara (CT) igoko dira.

MACY CALLAGHAN

Nesken kategorian bi eskuin surflari (regular) izan ziren finalean buruz buru: Caitin Simmers, 16 urteko estatubatuarra, eta Macy Callaghan, 21 urteko australiarra. Maila handiko surflariak dira biak, iazko denboraldian lehen mailan aritutakoak. Hain zuzen ere, WCT mailara igotzeko lehian ari dira gaur egun CS itzulian.

Finala hasi bezain laster zazpi puntuko olatu bat egin zuen Macy Callaghanek eta hortik aurrera ez zion arnasa hartzen utzi bere arerio gazteari. Txandaren amaiera iragartzen zuen klaxona entzun zenean, 13.83 puntu bilduak zituen australiarrak bere bi olatu onenekin. Aitzitik, estatubatuarrak 7.40 puntu baino ez zituen lortu. Horrek esan nahi du alde handiarekin irabazi zuela txapela Macy Callaghanek.

Lehenago beste bi finaletara iritsia zen arren, CS mailako txapelketa bat irabazten zuen lehen aldia zen australiarrarentzat eta pozarren agertu zen. «Dena eman dut azken txandan eta zinez akitua naiz, baina hala ere, pozarren naiz, hiru finaletara iristea lortu baitut azken hiru txapelketetan eta orain txapela; hori ospatzeko modukoa da», adierazi zuen txapeldunak.

Portugalgo garaipenari esker, CS rankingeko lehen postura igo da Callaghan eta ez da rankingean gora egin duen bakarra izan. Postu batzuk igotzea lortu dutenen artean dago Ariane Ochoa bilbotarra ere.

Final laurdenetara iristeko zorian izan zen Ochoa, soilik 0.13 puntuko aldea atera baitzion aurkari izan zuen Molly Picklum australiarrak. Hala ere, emaitza esanguratsua lortu zuen bizkaitarrak Portugalen eta 13 postu igotzea lortu du CS rankingean. Gauzak horrela, gaur egun 22. postuan da Ochoa, Nadia Erostarbe zarauztarrarekin batera.

Portugalen lehiatu ziren gainerako euskal herritarrei dagokienez, Pauline Ado eta Janire Gonzalez-Etxabarri lehen errondan kaleratu zituzten. Nadia Erostarbek, Leticia Canalesek eta Garazi Sanchez-Ortunek bigarren errondara pasatzea lortu zuten, baina ez zuten harago joateko aukera izan.

LEONARDO FIORAVANTI

Mutilen finalean ere CT mailan ibilitako bi lehiakide aritu ziren buruz buru: Ryan Callinan australiarra eta Leonardo Fioravanti italiarra, hain zuzen ere. Callinanek 30 urte ditu eta ezker surflaria da; beraz, bizkarka aritu zen Ribeira D’hilasen. Fioravantik, ostera, 24 urte ditu eta eskuin surflaria da. Oso parekatuta ibili ziren finalean, baina Callinanek 14 puntu bildu zituen, guztira, eta Fioravantik, 16. 27 punturekin eskuratu zuen txapela.

Ikusleen artean Fioravantiren jarraitzaile andana zegoen. baita haren sendia eta lagunak ere. Italiarrak ez zituen ahaztu txanda amaitu ostean egin zioten elkarrizketan: «Hemen nire familiarekin egotea eta irabaztea, zalantzarik gabe, nire bizitzako unerik ederrenetakoa da; ez dira horrelako momentu asko izaten ibilbidean zehar eta iristen direnean gozatu egin behar dira».

Portugalen lortutako emaitzari esker, bi finalistek postu bat gora egin dute CS rankingean eta Fioravanti buruan ezarri da. Rio Waida indonesiarra bigarren postura jaitsi da eta, aldiz, Rayan Callinan hirugarren postura igo da.

Aurtengo sasoian, CS mailako txapelketetan, euskal ordezkari bakarra ibili da mutilen kategorian -hau da, Adur Amatriain zarauztarra-, baina Portugalen Aritz Aranburuk eta Andy Crierek ere parte hartu zuten. Hala eta guztiz ere, ez zuten zorte handirik izan: zarauztar beteranoa lehen txandan kaleratu zuten eta hendaiarra ez zen hirugarren errondara iritsi.

Hiru lagunetatik emaitza onena Adur Amatriain gazteak eskuratu zuen. Final laurdenetara iristear zela kaleratu zuten zarauztarra, baina lortutako emaitzari esker, 23 postu egin du gora CS rankingean eta gaur egun 37.ean dago.

Portugalgoa CS zirkuituko bosgarren txapelketa zen. Oraindik ere beste bi lehiaketa falta dira 2022ko itzulia amaitzeko. Hurrengo txapelketa Brasilen izango da, Saquarema hondartza ospetsuan, eta amaitzeko, Hawaiira joko dute CS itzuliko 96 mutil eta 64 neskek.

Oahu uharteko Haleiwako hondartzan amaituko da aurtengo denboraldia eta, horren ostean, ezagutuko ditugu 2023an lehen mailan (CT) arituko diren lehiakide berrien izenak.

Bestalde, datozen egunetan txapelketa garrantzitsua izango da Azoreetan. Urriaren 15etik 17ra Europako Junior txapelketa egingo dute Portugalgo uharteetan eta bertan izango dira 18 urtetik beherako hainbat euskal surflari.