Surflari ernegatua

Norabidea

Kantauri itsasoan ipar-mendebaldetik sartzen dira itsaskiak. Iparraldetik ere iristen dira uhinak, baina oso txikiak izaten dira, Bretainiatik gure kostaldera egiten duten bidea oso laburra baita; beraz, ez dute tamaina duina hartzeko astirik.

Batzuetan ipar mendebaldetik datozen uhinak eta iparraldetik datozenak gurutzatu egiten dira. Ez dira surf egiteko egokiak, txikiak baitira, baina ikusteko ederrak dira. Binaka etortzen dira, bi olatu ia elkarrekin, lehenak ez dio lehertzen uzten bigarrenari eta, beraz, olatuak gibelean gandor moduko bat duela dirudi. Jarraian, tarte bat izaten da, eta ondoren beste bi olatu, bata bestearen gainean. Kostaldetik oso gertu sortutako uhinak dira eta hondo gutxiko lekuetara iristean forma bitxia hartzen dute. Halako egunetan iparraldera begira dauden hondartzetan uhinak sartzen dira eta olatu txikiak izaten dira. Ikusgarria da, iparraldera begira dauden hondartzetan soilik itsaski handiak direnean izaten baitira olatuak.

Bizkaian eta Gipuzkoan itsaskien sarbidea oso mugatua da, baina Lapurdin Atlantikoari begira dagoen heinean, itsaskien norabideak eragin handiagoa izaten du urautsietan.

Eta ekialdean ere itsaso zabala bagenu eta handik ere uhinak etortzeko aukera balego? Sarritan amesten dut horrekin. Inoiz olaturik ez den hondartzetan olatuak lehertuko lirateke eta normalean olatuak izaten diren lekuetan, aldiz, olatuak txikiak izango lirateke. Baina hori bakarrik ez, zenbait lekutan eskuin olatu luzeak sortuko lirateke hondartzaren ekialdean. Noranzkoak eta norabideak bat egiten badute... magia sor daiteke.