GARA Euskal Herriko egunkaria

Kantua


Tristea, berria, alaia edo zaharra. Arina, astuna, zakarra, gozoa edo indartsua. Lapurtua, erosia, oparitua… alokatua. Gogoratu nahi duguna edo ahaztutakoa. Sekula entzun nahi izango ez genukeena edo ustez inoiz entzundakoa. Ustekabean topatutakoa. Mutua, azalekoa, geldoa ala bizia. Ozen entzutekoa. Zure buruarekin bakarrik konpartitzekoa. Inori utziko ez zeniokeena. Sekretua ala harrotzeko modukoa. Ereserki, panfleto edo kronika intimoa. Ispilu bat. Lezio bat. Erregu bat. Baina denok daramagu kanturen bat ondoan.

Gutaz edo besteez hitz egiten duena. Biluztekoa, edertzekoa edo kamuflatzekoa. Disimulatzekoa edo agerian uztekoa. Merkea, garestia edo doakoa. Inoiz, inork, belarrira xuxurlatua. Taxian, ile-apaindegian edo maitearen logelan entzundakoa. Harro dantzatutakoa, goibel edandakoa edo merezi ez zuen norbaitekin batera dastatutakoa. Musu edo ukabilkaden artean, hitzez hitz ikasitakoa. Behin eta berriro entzun ondoren, adoptatutakoa. Txinparta bakar batez barruan su moduko bat piztu ziguna. Irabazitakoan ezti, galdutakoan ozpin, kontsolatzeko botiken tiraderan gordetzen duguna. Kantatzekoa edo ahapeka ibiltzekoa. Agerian erakutsi edo... ezkutatzekoa. Geure kabuz topatu edo inori ikasitakoa. Baina denok daramagu kanturen bat alboan.

Inoiz galdu eta berriro topatutakoa. Aukeratutakoa, bilatutakoa, indarrez ezarritakoa... Baina, denok daramagu kantu bat, edo gehiago, ondoan.