Jon ORMAZABAL
DURANGO
PILOTA

Ofizialtasunaren aldeko sua berriz ere hauspotu dute Durangon

Euskadiko Pilota Federazioari eta Munduko Pilota Batzarrari ofiziala izateko eskaera berriro egiteko eskatu diete; erakundeei, beraien esku dauden tresnak bideratzen jarrai dezatela; alderdi politikoei, urratsak egiteko eta babesa emateko pilota munduari.

Euskal selekzioaren aldeko aldarriak pilota munduko jende asko bildu zuen atzo Durangoko Ezkurdi plazan.
Euskal selekzioaren aldeko aldarriak pilota munduko jende asko bildu zuen atzo Durangoko Ezkurdi plazan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Urriaren 23tik 29ra bitarte Biarritzen jokatuko den euskal pilotako Munduko Txapelketan ere euskal selekzioak ez du ofizialki parte hartzerik izango, eta euskal pilotariek berriz ere frantziar eta espainiar estatuen banderaren eta ereserkiaren doinupean lehiatu behar izango dute. Gure herrian jokatuko den txapelketa hurbil delarik, «Euskal pilota selekzioaren aldeko manifestua» aurkeztu dute gaur Durangon izandako ekitaldi jendetsuan. Lau eskaera zehatz plazaratu dituzte, baina batez ere aspaldi indarra galduta zegoen aldarrikapen baten sua hauspotu dute, etxean jokatuko den Munduko Txapelketak egoeraren gordintasuna inoiz baino argiago utziko duen honetan.

Endika Barrenetxea erremontistak, Laura Saez gomazko paletako pilotariak eta Ibai Zabala eta Iera Agirre esku pilotariek irakurri zuten dokumentuan, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatzen dituen nazioarteko txapelketa ofizialetan euskal selekzioarekin parte hartu ezinda jarraitzen dutela gogorarazi zuten lehendabizi. «Lehiatzeko aukera bakarra Espainia, Frantzia edo onartuta dagoen beste selekzio baten izenean egitea da, tamalez Biarritzen laster ikusiko dugun modura. Gure herrian, gurea dugun eta gure izena daraman kirolean hau gertatzea lotsagarria eta penagarria dela deritzogu».

Era berean, euskal pilotariak direnez, «Euskal Herriko koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugu. Beraz, Euskal Herriko selekzioak bere izena daraman kirolean nazioarteko txapelketak jokatzeko izan beharko lukeen eskubidean oinarrituta, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, eta hori lortzeko indarrak batu behar ditugu denok».

ESKAERA ZEHATZAK

Hori dela eta, lau eskaera zehatz egin zizkieten Durangoko Ezkurdi plazan bildutakoek Euskal Herriko erakunde eta eragileei. Munduko Pilota Batzarrari eta Euskal Pilota Federazioei egoera honi irtenbide bat aurkitzeko lanean jarrai dezatela eskatzen diete, «eta har ditzatela, helburua lortzeko bidean, hartu behar diren erabakiak; besteak beste, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan euskal pilota selekzioa ofizial izateko eskaera berriz egitea».

Euskal Herriko erakundeei ere mintzatu zitzaizkien, eta eskatu zieten «jarrai dezatela beraien esku dauden tresna juridikoak, politikoak eta pertsonalak helburu honetara bideratzen, euskal pilota selekzioak nazioartean ofizialtasuna lortzearren behar duen laguntza eskaintzeko».

Bestalde, kontuan izanda nazioartean ofizialtasuna lortzeko arazoa «juridikoa baino politikoa dela, dei egiten diegu Euskal Herriko alderdi politikoei, eta batik bat aldarrikapenarekin bat egiten dutenei, euskal gizartearen gehiengo handi baten ametsa errealitate bihurtzeko urratsak egiten jarrai dezatela».

Eta, amaitzeko, pilota munduari, «euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortu ahal izateko premiazkoa den babesa eskaintzea» galdegin zieten Euskal Pilota Selekzioa kolektiboa osatzen dutenek.

Lehendabiziko babes hori atzo bertan heldu zitzaien, «Mundiala bai, Euskal Herria ere bai! Inposaketarik ez! Ofizialtasuna!» zioen pankartaren atzean, Euskal Herriko klub desberdinetako ordezkariez gainera, pilota munduko jende ezagun asko elkartu baitzen. Esate baterako, Durangon izan ziren, besteak beste, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakari Gotzon Enbil, baita postu hau bete izan duten Patxi Jauregi eta Kiko Caballero; edo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko federazioetako Iker Gereta, Itziar Lete eta Iraitz Olaetxea.