GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
UNAI LASO
Baikoko aurrelaria

«Egia da erritmo falta dudala, baina garrantzitsuena minik ez izatea da»

Gorriz jantzita pasatu duen lehen uda ez da Bizkarreta-Gerendiaingoak amestu bezalakoa izan, bi lesiok -ezker koadrizepsean uztailean eta aldakan irailean- nahi baino denbora gehiago izan dutelako kantxetatik kanpo, baina Baiko enpresako aurrelaria lehiakorra da oso eta desiratzen dago bere onena berriz ere emateko.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

Gaur Elezkano II.aren aurka lehiatuko da Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, 1997), Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako lehen partidan. Zaratamokoak Artola kanporatu zuen aurre-kanporaketan eta nafarrak «ondo ikusi» zuen, ezker eskuarekin mina ematen. Aldakako lesioa dela-eta, irailean hiru astez egon behar izan zuen kantxetatik kanpo eta Lau eta Erdikoaren aurretik, bi partida jokatu ditu. Partidaren bezperan NAIZ Irratian agertu ditu bere sentsazioak.

Hasi dira txapelketetako errutinak. Material aukeraketa nola joan zen?

Ondo. Azken batean, bion pilotak antzekoak ziren, ondo ibiltzen ziren eta materialaren aldetik ez da arazorik egongo.

Udan lesio batzuk ere izan dituzu. Nola heldu zara, guztiz osatuta?

Bai, hala da, orain hiru aste egon naiz kantxetatik kanpo, eta bi partida jokatu ditut ordutik. Garrantzitsuena izan da ez dudala inolako molestiarik sentitu bi partida hauetan; egia da erritmoa falta dudala, baina azkenean oinarrizkoa minik ez izatea da. Hala izan da, eta ea zer moduz aurkitzen naizen partidan.

Zortzi pilotari geratzen zarete aurtengo lehiaketan, eta Baikoko bi baino ez: Peña eta zu. Ardura berezi bat sentitzen duzue?

Tira, alde horretatik bai. Azkenean kanporatu egin dituzte enpresako kideak; bi geratzen gara, eta ea egurra ematea lortzen dugun, gutxienez txapelketa ona egiten dugun. Finalerdietara heltzen bagara, ba oso ondo.

Buruz Burukoan lortu zenuen arantza kendu eta Altuna mendean hartzea. Lau eta Erdian hortxe dago erronka. Iaz ozta-ozta, 22-20, galdu zenuen bere aurka. Oraindik ere lehia asko falta da, baina txapela janzteko edo, gutxienez, finalera heltzeko asmo irmoarekin egongo zara, ala?

Asmoa bai. Nire helburua beti da partidaz partida joatea; eta orain Danelen aurkako partida horretara joango naiz, eta ea partida ona egiten dudan.

B multzoan zaude zu, Ezkurdia, Elordi eta Elezkanorekin batera. Multzo gogorra. Nola ikusten duzu?

Multzo gogorra da, baina azken finean denak dira gogorrak. Ezkurdia oso ondo dago, eta Danel ere konfiantzarekin. Elordi bera ere partida bat irabazita dator. Gogor etorriko dira. Dena eman beharko dut, eta topera aritu.

Larunbaten Elezkanoren aurka ariko zara. Nolako partida espero duzu?

Lehengo egunean Danel ondo dagoela ikusi genuen. Ezkerrarekin mina egiten du zabalean, eta txokoan erne egon beharko dut. Baina nik nire jokoa ondo egiten baldin badut, nik uste aukera dezente izango ditudala. Baina ea nola nagoen, ea erritmoa hartzen dudan partidan eta nire jokoa ondo egiten dudan.

Betiere garrantzitsua izaten da lehendabiziko partida irabaztea.

Bai, oso garrantzitsua, konfiantza hartzeko eta ondo hasteko; ea lortzen dugun.

Buruz Buruko txapelduna izanda, gorriz arituko zara. Presio gehigarri bat suposatzen du edo ez diozu aparteko garrantzirik ematen?

Ez diot aparteko garrantzirik ematen. Azken batean, uda osoa gorriz jokatu dut, eta ondo aritu naiz. Gainera, denak maila handian daude eta horrekin ez dut arazorik.