Iraia de la TORRE eta Daniel JIMENEZ GIL
Euskararen zonifikazioa gainditzeko Hordago herri ekimeneko kideak
KOLABORAZIOA

22an Tuterara zonifikazioaren aurka

35 urte igaro dira jada 1986an Nafarroako Parlamentuak Euskararen Foru Legea onartu zuenetik. Legeak euskararen zonifikazioa inposatu zuen, Nafarroa hiru zona linguistikotan zatituta. Zatiketa hura guztiz baztertzailea izan zen, nafarroi herrialdearen udalerri batean ala bestean egon eskubide batzuk onartzen baitzitzaizkigun, ala ez. Beste edozein gairekin horrelako zonifikaziorik ezarri izan balitz eskandalu bat izango litzatekeena, euskararen aurka eta nafarron euskaraz bizitzeko eskubidearen aurka inposatu zuten. Imajinatzen duzu nafarron lan-eskubideak, hezkuntza-eskubideak edo osasun-eskubideak zonaka zatituta egotea Nafarroa barnean? Horrelako gairen batekin zonifikazioa egitea edozein nafar progresistarentzat onartezina izango zena euskararekin eta nafarron hizkuntza-eskubideekin egin zuten.

Injustizia hori indarrean jarri zenetik ia lau hamarkada igaro dira jada, beraz. Lau hamarkada Nafarroako hizkuntza zokoratuz. Lau hamarkada nafarron zatiketa eta bereizkeria sustatuz. Horixe baita indarrean dagoen Euskararen Legeak ezartzen duena. Beste modu batera esanda, euskararen zonifikazioa zuzen-zuzenean nafarron berdintasun, kohesio eta elkarbizitzaren aurkako erabakia da; guztiz antidemokratikoa den erabakia.

Zonifikazio bidegabe horrekin behingoz amaitzeko, iaz Hordago herri-ekimena abian jarri genuen hainbat herritarrok. Cortesen egin genuen agerraldian, adierazpen baten bitartez Erriberako herritar talde handi batek erran genuen bazela garaia «aurrerapausoak emateko, edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, foru lurralde osoan euskara ezagutu edo ikasteko eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko».

Justiziazko aldarri hori helburu, herriz herri herritarrak informatu eta Hordago ekimena ezagutzera ematen ari gara hilabeteotan. Erriberatik hasita Nafarroako iparraldera. Eta Hordago herri-ekimen irekia eta askotarikoa izanik, bere helburuarekin bat egiten duen nafar oro bertan parte hartzera gonbidatzen ari gara. Zonifikazioa amai dadin nahi duen herritar ororen ekarpena behar dugu, lege aldaketa eragingo duen dinamika zabala eta gero eta handiagoa garatzeko.

Orain, urrats mobilizatzaile bat egiteko unea dela uste dugu. Hordago berri bat botatzekoa, oraingo honetan Tuterako kaleetan. Horretarako, manifestazioa deitu dugu urriaren 22rako bertan. Eta zonifikazioarekin amaitzeko erantzukizuna dutenek ozen entzungo duten hordago ahaltsua izan dadin, herritar oro manifestaziora etortzeko deia egiten dugu, bereziki Erriberako eta oro har «ez-euskaldun» izendatu duten eremuko herritarrak. Ezeren gainetik herritarron eskubideak baitira zonifikazioarekin urratzen direnak.

Nafarroan inolako bereizkeriarik gabe bizi nahi baitugu, baita arrazoi linguistikoengatik sorturiko diskriminaziorik gabe ere. Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu; berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan; eta lurralde horretan eskubide berberak izanen ditugu une orotan, Nafarroaren zein zatitan gauden kontuan hartu gabe. Herritarren kohesioa sustatuko duen lurra izanen da hori; herritarrak hizkuntzaren arabera mailakatuko ez dituena; hizkuntza aniztasuna kontuan hartuko duena; eta aniztasun hori mehatxu gisa hartuko ez duena, aberastasun gisa baizik.