GARA Euskal Herriko egunkaria

Uhala lotuta


Azkenaldian Mexikortxo taldearen balentriak jarraitu ditut, punkiek jada ez baitute oilo gandorrik, euskal txapela edo mexikarra baizik. Egun, gandorra futbolariek eta borondate oneko hiritarrek eramaten dute, modan dago. Hurkoa giza espezie bereko kide dugula igartzen dugunean apur bat gehiago jakin nahi dugu eta horrela hasi nintzen doinu mexikarrak ardatz hartuta iraultza aldarrikatzen duen talde ganberroa jarraitzen.

Aizarozko irratian eskaini zituzten 40 minutuko zazpi irratsaio entzuteari ekin nion. Lau ordu eta erdi baino gehiago Pantxo Villaz, haren zaldiaz eta haren iraultzaz hizketan. Eta orain betiko galdera, zer lotura du talde festazale batek eta surfak?

Kontua da irratsaioetako batean surflariak aipatu zituztela, zehazkiago «Hendaiako surflariak», nahiz eta nire iritziz surfa eta Hendaia kontrako bi kontzeptu izan (ziur aski, oximoron esango luke gandorra daraman izen oneko adituak). Iraultza aitzin, Pantxo Villak animaliak lapurtzen zituenean zaldiaren uhala lotuta lo egiten omen zuen edozein unetan ihes egin ahal izateko. Irudi horrek Hendaiako surflariak oroitarazten zizkion esatariari eta gustatu zitzaidan paralelismoa, surfean ere txikota askatzeak ondorio larriak izan baititzake. Niri beste zerbait ere etortzen zait burura. Ingelesez surf egiteari riding wave esaten diote, alegia, zaldia muntatu bezala, baina olatuarekin. Ez da plan txarra, txikota ongi lotu eta rantxeren erritmora olatuak muntatu.