Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA

Besançon, multzo-faserako sailkatzeko Bera Berak gainditu beharreko aurkaria

Alice Silva, iaz, Paris 92 taldearen aurka.
Alice Silva, iaz, Paris 92 taldearen aurka. (Idoia ZABALETA | FOKU)

EHF European Leagueko hirugarren faseko kanporaketa zozkatu zen Vienan (Austria) eta Besançon talde frantziarraren aurka jokatu beharko du Bera Berak multzo-faserako sailkatzeko atariko kanporaketa. Joanekoa Estatu frantsesean jokatuko da (abenduaren 3-4an) eta itzulerakoa, Donostian, handik astebetera.

Esan daiteke zortea izan duela, hauek saihestu baititu: Txapeldunen Ligan ohikoak diren Sävehof (Suedia), Podravka (Kroazia) eta Borussia Dortmund (Alemania) eta 2021ean European Leagueko txapeldun izan zen Le Neptunes Nantes (Estatu frantsesa), egungo txapeldunorde Viborg (Danimarka), Magura eta Ramnicu Valcea -iaz fase berean Bera Bera kanporatu zuena-.

Iaz final-laurdenetan kanporatuak izan ziren frantsesak; hots, gipuzkoarrek baino ibilbide luzeagoa izan zuten. Ligan laugarren egin zuten eta Kopan, txapeldunorde.

Aurten, bost partida jokatuta, zortzigarren sailkatuak dira. Beraz, kanporaketa gogorra izango bada ere, donostiarrek badituzte aukerak historian bigarren aldiz multzo-faserako sailkatzeko.