Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Urrezko Piolet saria Silvo Karorentzat

Hilabete falta da ospe handiko Urrezko Pioleta sariak emateko, baina jada hasi dira lehenengo izenak ezagutarazten. Ibilbidearen Saria aurten Silvo Karo esloveniarrak jasoko du.

Herrialde txikia da Eslovenia, baina “txikitasun” horrek goi mailako alpinistak eman ditu. Etxean bertan Alpeak dituzte; Juliotarrak izena hartzen dutenak. Ez dira oso garaiak, baina alpinismoan trebatzeko aproposak dira. Triglav da ikur nagusia. 2.864 metro ditu, eta haren iparraldeko horman (mila metro luze da) alpinista esloveniar historiko guztiak aritu dira.

Urrezko Pioletak alpinismo esloveniarrak izan zuen “hiru mosketarien” taldeko azken kideari aitortza egingo dio. Gogora dezagun izen hori jarri ziotela Janez Jeglic, Francek Knez eta Karok berak osatzen zuten sokadari. Goi mailako jarduerak egin zituzten, eta alpinismoan izarrak ziren.

«EGUNDOKO ARRASTOA»

80ko eta 90eko hamarkadetan ospe nabarmena hartu zuten ausardia handiko jarduerak egiteagatik. Sortzeko ahalmen berezia zuten, eta igoera guztiak azkarrak eta arinak ziren.

Karo ondo baino hobeto ezagutzen dutenek baieztatzen dute energia berezia zuela: «Oso motibatua zegoen beti. Hitz gutxikoa, baina eskalatzeko oso grinatsua. Nahiz eta baldintzak oso kaskarrak izan, ardura hartu eta aurrera egiteko bultzatzaile nagusia bihurtzen zen. Alpinismoan utzi zuen arrastoa egundokoa da».

Karok sinatu zituen 300 igoera berriak dira horren isla. 1983an Patagonian era guztietako hemeretzi bide berri zabaldu zituen hirukoteak. Cerro Torren 1986an, Bhagirathi III mendian 1989an eta Egger Dorrean 1986an. Azken erpin horretan “Psycho Vertical” (6c, A3, 90°) sortu zuten. Karorentzat, Patagonian eskalatu zuen bide ederrena.

Himalaiako Yalung Kang mendian ere goi mailako bide bat zabaltzea lortu zuen; Frantziako Alpeetan, berriz, “Rolling Stones” marraren hirugarren igoera egin zuen. Eta Yosemitek ere ezin izan zuen Karoren atzaparretatik ihes egin. “Salathe” hamar orduan eskalatu zuen, Half Dome hamaika orduan…

Mendiko kulturaren alde ere egin zuen. 2007an Esloveniako mendi zinemaldia sortu zutenetako bat izan zen.