Andoni ARABAOLAZA

Mutu ez geratzeaz gain, beloa kendu dute neska eskalatzaile irandarrek

Masha Aminiren hilketaren harira, jokatu den Asiako Txapelketan, Elnaz Rekabik lehen aldiz ez du belorik erabili. Atzo lurreratu zen Teheranen. Nasim Eshqik, ordea, herrialdera ez itzultzea erabaki du.

Hilabete da Irango Moralaren Poliziak Masha Amini gazte kurdua beloa “gaizki” eramateagatik hil zuenetik. Harrezkero, makina bat mobilizazio izan dira, eta beloa ez janztea ekintza iraultzailea bihurtu da. Protesta olde horretan emakumeak lehen lerroan izan dira. Hori guztia kalean gertatu da, baina kirolean ere antzeko egoerak bizi izan dira.

Eskaladan bi emakumezko irandar, ahotsa altxatzeaz gain, jarrera oso aktiboa izaten ari dira: Elnaz Rekabi eta Nasim Eshqi. Rekabi nazioarteko lehiaketetan maiz aritu da. Eta hitzordu bakoitzean burua estalita edo beloarekin lehiatzen ikusi izan da. Baina Seulen (Hego Korea) jokatu berri den Asiako Txapelketan, lehen aldiz, hijaba ez janztea erabaki du, Aminiren hilketa gaitzesteko eta Irango erregimenaren aurka protestatzeko. Buruan zinta bat jarri zuen. Gogoratu behar da herrialde horretako zigor kodeak emakumeei derrigorrez burua estaltzea behartzen diela. Hori egin ezean, isuna jaso eta espetxeratu dezakete.

33 urteko irandarrak laugarren amaitu zuen hitzordu garrantzitsu horretan; konbinatuan, hau da, blokea eta zailtasuna jasotzen dituen proban. Iaz, adibidez, Moskuko Munduko Txapelketan, konbinatuan baita ere, brontzezko domina eskuratu zuen. Asiako Txapelketan anaiak zilarrezkoa lortu eta gero lehiatzen hasi zen, duela zortzi urte. Munduko Kopan parte hartu zuen lehen neska irandarra bihurtu zen 2014an. Blokeko proban hamalaugarren postuan amaitu ondoren, adierazi zuen: «Nire herrialdean neska bat eskalatzen ikustea ez da ohikoa. Nire erabakiarekin denak harritu nituen, baina uste dut jarrera horrekin beste neska batzuk bultza ditzakedala eskalada (eta lehia) praktikatzera».

Rekabi norgehiagoken munduan buru-belarri sartu zenetik beti beloarekin azaldu da. Garai haietan argi zuen nazioarteko zirkuitu ofizial ezberdinetan zein pribatuetan parte hartzeko zapia jartzea ezinbestekoa zela eta neska irandarrak bistaratzeko lagungarria zela: «Nire lehiakideentzat bitxia zen ni beloarekin eta soineko luze batekin ikustea. Berotze ariketak egiten diharduzun bitartean edo tenperatura altuak daudenean, hijaba oso deserosoa da. Arazoa ere bai. Derrigortuta dugu eramatea; eta guk jartzea onartzen dugu, emakume irandarrok munduan lehiatzea oso garrantzitsua delako». Aurreiritzien aurka asko borrokatu behar izan du, baina inoiz ez du tentaziorik izan etsitzeko: «Mendebaldean ez bezala, nik ez dut entrenatzailerik. Gainera, nire maila bereko neskarik ez dagoenez, bakarrik ibiltzen naiz, eta gizonezkoekin entrenatzea debekatuta dut. Gainera, Munduko Kopan lehiatzeko egin behar diren bidaia guztiak nik ordaindu ditut».

Adierazpen horiek guztiak duela urte batzuk egin zituen, baina Aminiren hilketarengatik jarrera aktiboa hartu eta Asiako Txapelketan beloa ez erabiltzea erabaki du. Zurrumurru asko zabaldu dira egunotan. Adibidez, batzuek zioten Iranera itzulitakoan atxilotu egin zutela. Kontua da, azkenean, atzo goizean Teherango aireportuan lurreratu zela «txapeldun!» oihuen artean eta jende ugarik ongietorria egin ziola. Belo eta txapela beltz batekin estalita, eskalatzaileak egun batzuk lehenago Instagramen idatzitako barkamena errepikatu zuen, esanez presaka zebilelako ez zuela beloa jartzeko astirik izan. «Iranera itzuli naiz burua bakean dudala, nahiz eta estres eta tentsio handia sentitu. Baina Jainkoari esker, ez da ezer gertatu», gaineratu zuen.

Ez da itzuliko

Bigarren protagonista ere, Eshqi, ez da mutu geratu. Rekabi ez bezala, arrokan buru belarri dabil. Gehienetan Europako eskalada eskoletan jarduten du. Eta horietako bidaia batean, Frantziara eginikoan, erabaki zuen Iranera ez itzultzea: «Europan eskalatzen dudan bakoitzean, soilik arrokan zentratzen naiz. Baina Masha Amini hil zutenetik dena aldatu da. Une honetan eskaladak ez du garrantzirik nire bizitzan. Nire herrialdean atxilotu eta iraindu naute. Hori duela urte batzuk gertatu zitzaidan; eta, beldurrez, ez nintzen etxetik irteten. Hain zuzen ere, hori da erregimenak lortu nahi duena».

Eskalatzaileak adierazi nahi du, Aminiren hilketaren ondoren, ezintasun sentsazio ikaragarria duela: «Emakume irandarroi ahotsa eman nahi diet. Telefonoaren eta sare sozialen bitartez protesta egiten ari naiz. Mobilizazioak hasi zirenetik Irango gobernuak Internet erabat blokeatuta eduki du. Baina zentsurari aurre egiteko beste bitarteko batzuk baditugu. Mezuak jasotzen ditut, eta horiek guztiak zabaltzen saiatzen naiz “mashaamini” traolaren bitartez. Isilarazi egin nahi gaitu erregimenak, baina ez du lortuko».

1999an ikasleek eginiko protestetan edo 2009tik aurrera egin zen “Mugimendu Berdea”-n ez bezala, Eshqik uste du egun herritarren artean askoz elkartasun handiagoa dagoela. Eta gehitu du belaunaldi berriak ausartagoak direla: «Mobilizazio guztietan gizarte maila zein etnia guztietako herritarrak parte hartzen ari dira. Ez dago buruzagirik; herrialde osoak kaleak hartu ditu. Sufrimendu handia gertatzen ari da: errepresioak eragindako hilketak, atxiloketak… Horregatik guztiagatik, Mendebaldeko gobernuen eta gizartearen laguntza behar dugu. Luzea izan daiteke nire herrialdean egiten ari diren borroka, baina ziur nago irabazi egingo dugula. Emakumeok gai gara jartzen dizkiguten oztopo guztiak gainditzeko. Emakume irandarren kemena eta ausardia oso tinkoak dira; ezin zaie entzungor egin. Kolpatu egiten dituzte, bizitzak arriskuan jartzen dituzte… Hori oso gogorra da. Hala ere, disidenteak izaten jarraitzen dute. Protesten buru dira emakumeak, eta horrek agintari erlijiosoak urduri jartzen ditu. Emakume borrokalariak dira gizarte aske baten oinarria».

Eshqik dei berezia egin nahi izan die munduko eskalatzaileei: «Nire herrikideak askatasunaren alde gogor borrokatzen ari dira, eta munduko eskalatzaileek gai honetan ardura hartu behar dute. Iranen egiten ari diren protesta guztien berri eman dezakete. Ahotsa ematea ezinbestekoa da. Mundu guztia informatuta egon daiteke, eta esku artean ditugun berriak zabaldu behar dira. Ez dezala inork esan Irango protesten berririk ez duela».