Ion GARATE
Interview
ANDER MARTIN ESTENAGA
Euskal Pilota Selekzioko kidea

«Guk daukagun boikota itzela da; aurrera egin behar dugu, beraien mende egon gabe»

Gaur hasiko da Biarritzen Munduko Pilota Txapelketa. Euskal Herrian jokatzen den arren, baina, euskal koloreek ez dute ordezkaririk izango. Hala, Euskal Pilota Selekzio baten aldarrikapena egin dute zenbaitek, eta tartean da Ander Martin Estenaga.

(Raul BOGAJO | FOKU)

Biarritzen jokatuko da Munduko Pilota Txapelketa, gaur abiatu eta hilaren 29a bitarte. Irekiera ekitaldia baliatuz, Euskal Pilota Selekzioa dinamikak elkarretaratzea egingo du Jai Alai frontoian, 16.00etan, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko. Euskal Herrian jokatzen den arren, «aurten berriz ere euskal pilota selekzioak ezin du ofizialki honelako txapelketa bat jokatu. Hilaren 12an «batu ginen pilotari eta pilotazale batzuk, zerbait egin behar zelako; agerraldi bat egitea proposatu zen eta honela hasi zen hau», esan du Ander Martin Estenagak NAIZ Irratian.

Euskal pilotaren Durangoko manifestua irakurri zen. Zer dio zehazki manifestuak, eta zein dira ekitaldiaren helburuak?

Euskal pilota selekzioaren aldeko aldarrikapen hori eragin nahi genuen. Ofizialtasun horren bidean urratsak egiteko agintariei zein instituzioei eskatu genien aurrerantzean jarraitzeko bide horretatik eta, ahal den heinean, exijentzia horren alde egiteko, bai munduko pilota batzarrari, bai euskal pilota federazioari. Gero badakigunez dena politika dela, helburua da honen alde dauden politikariak mugitzea apur bat; ez dakit zein foroetan, baina bertan egin beharko litzateke. Pilotariei eta pilotazaleei ere, honen inguruan elkarrekin joatea eta elkar lanean egitea.

Pilotari andana bat eta pilotazaleak izan ziren bilkuran. Zein erantzun izan zuen ekitaldiak?

Azkenean, nahiko ondo. Eguraldiari begira, bagenekien ez zela izango egunik onena edo aproposena, jai eguna baitzen Iparraldean... Nik uste nuen Durangoko jendea-eta batuko zela, baina batez ere pilotari, pilotazale eta agintariak batu ginen. EAEko hiru lurraldeetako federazioak egon ziren, baina Nafarroakoa ez; Iparraldeko batzordea etorri zen baita ere, eta euskal federazioa bertan egon zen. Modalitate guztietako pilotariak batu ziren. Hori izan zen gure proposamena, batez ere jakiteko eta erakusteko guk ere euskal selekzio indartsu bat osatu dezakegula; nahiz eta gure pilotariak Espainia, Frantzia eta beste selekzio batzuekin jokatu, gu ere hemen gaudela, alegia.

Zein da pilotaren egoera ofizialtasunari dagokionez?

Guk nahi genuena zen, futbolarekin pasatu zen moduan pasatzea. Behintzat gure federazioek aurrerapauso hori ematea. Badakigu bidean daudela eta batzarrak egiten ari direla nazioarteko batzordearekin. Horretan ari dira, baina ez da erraza izaten, eta ez gara aurrerantz joaten ofizialtasun horretan. Gu, adibidez, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzan (FIPV, gaztelaniazko siglak) ez gara ofizialak, baina CIJBn (Confederación Internacional de Pelota a Mano), valentziarrak, belgiarrak edota italiarrak, bote luzekoak biltzen dituen beste era bateko pilota bat, hor bai ofizialak gara. Hori aldarrikatzen ari gara, gure euskal pilota ea zergatik ez den ofiziala.

Jakina da Munduko Txapelketan ezingo dela euskal koloreekin edo Euskal Herriaren izenean lehiatu. Espainiaren edo Frantziaren koloreekin lehiatzeari uko egingo dionik ez dakit aurreikusten den.

Zaila da. Ez genituen konpromiso horretan jarri nahi pilotariak. Bakoitzaren erabakia da, eta gehienak gaur egun baietz esaten dute. Marjina asko gabe, nahi genuena izan zen erakustea badela gure koloreak eta gure herria defendatzeko beste aukera bat, eta ofiziala denean, aukera ematea. Badakigu oso zaila dela. Oso erraz joaten dira Espainiara eta Frantziara jokatzera; bakoitzak bere aukerak ikusten ditu, aukerak hor daudela Munduko Pilota Txapelketa bat jokatzeko. Bestalde, pentsatzen ari gara Mundialean bertan aukera batzuk badirela aldarrikapenak egiteko, baina ez konprometitzeko hara doazen pilotariak, baizik eta bertan jokatzen duen jendearekin zerbait egitea.

Aipatu duzu lanean ari direla ofizialtasunaren aldarri horren bidean. Erakundeen aldetik nabaritzen al duzue atentziorik?

Nahiko indartsu dabiltza Espainiako eta Frantziako federazioak. Ipini dute zuzeneko martxa, eta nahiko ondo dabiltza. Beraz, guk daukagun boikota itzela da. Adibide gisa, mexikar batzuk etorri dira entrenatzera egun batzuk Mundiala baino lehen. Ezagunak gara, eta atzo Durangon ibili ziren, gurekin hitz egiten aritu ziren. Hedabideetan agertu dira haien argazkiak, eta segituan heldu zaizkie Mexikoko presidenteari eta Nazioarteko federazioari: zertan dabiltzan eta zergatik dauden Durangon. Ez zaie komeni gure selekzioak aurrera egitea, ez zaie komeni guri entzutea, eta ez zaie komeni honelako gauzak gertatzea. Egin beharra daukaguna da ez egotea euren mende eta beti aurrera segitzea.

Etorkizunera begira, baikor edo ilun ikusten duzue?

Orain arte nahiko ilun ikusten nuen. Pilotaria nintzen garaian, Espainiako eta Frantziako selekzioekin jokatzeko ‘ezetz’ gehiago esaten genituen, beste kontzientzia maila bat zegoen. Gaur egungo gazteengan ez da hori nabari; eta, honela egonda, nik ilun ikusten dut. Dena den, Durangon ikusitakoek, berpiztu egin didate berriro ilusioa. Badakit zaila izango dela, baina zergatik ez?