GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Punta Pescadero Point: Mavericksen ezkutuko anaia basa

Kalifornia erdialdean aurkitzen den Punta Pescadero urautsi belduragarria fama apur bat hartzen hasi zen unean, AEBetako Gobernu Federalak galarazi egin zuen han surf egitea. Hona, leku misteriotsu honen historia labur bezain interesgarria.

Ur hotz ilunak eta urazalean izaten diren gorbel erraldoiek itxura beldurgarria ematen diote Kalifornia erdialdean den Punta Pescadero urautsiari. (SURFERTODAY.COM)

Kaliforniako kostaldeak Ozeano Baretik iristen diren itsaski indartsuak jasotzen dituenez, olatu handietan surf egiteko leku anitz ditu. Zalantzarik gabe, Mavericks da urautsi ezagunena, olatu handietako surflarientzat ezinbesteko helmuga bilakatu da, baina une batean protagonismoa kentzeko zorian izan zen beste leku bat ere bada Kalifornia erdialdean, olatu handietako surflari beteranoek “Punta Pescadero” deitzen dutena.

Montereyko eskualdean den ingurune natural babestu batean dago eskuin olatu indartsu bat duen urautsia, eta “Ghost Tree” (zuhaitz mamua) ere deitzen diote, inguruan diren zuhaitzen itxura goibelari erreferentzia eginez, nahiz eta egiaz lekuak duen izen ofiziala “Peblle” (harri-koskor) izan. Bi izenak surflariek ezarritakoak dira; desberdintasun bakarra da, olatu handietako surflari aitzindariek “Punta Pescadero” deitzen dutela, eta gainerakoek “Ghost Tree” deitzen dutela. Azken hau da erabiliena.

Lehen aldiz 1960ko hamarkadan surf egin zuten urautsi Pebble hondartzaren iparraldean den lur muturraren aitzinean. Dirudienez, Fred Van Dyke izeneko surflari bat izan zen aurrenekoa, eta horren ostean beste lagun batzuekin batera inguruko lekuetan surf egiteko baldintza hoberenak aztertzen ere aritu zen zenbait urtez; baina olatua azkarregia zela eta haitzetatik gertuegi lehertzen zela iritzita, alboratu egin zuten. Ondorioz, urte luzez surflaririk gabe lehertu ziren Punta Pescaderoko eskuin olatuak.

Uretako motoen erabilera zabaldu zenean etorri zen berebiziko aldaketa.

Mavericksen eta Kaliforniako olatu handietan esperientzia berezia duten Peter Mel eta Adam Repogle surflariak izan ziren Tow-in egitera hara joan ziren lehendabizikoak, eta haien atzetik, arrapaladan, beste zenbait surflari gehitu zitzaizkien.

Horrela, 2005, 2006 eta 2007. urteetan hainbat surflari joaten ziren itsaski handi bat zegoen bakoitzean. Itzelezko fama hartzen hasi zen urautsia, jada internet sarea ere mundu osoan hedatua baitzen.

HERIOTZA ETA DEBEKUA

Hogei metroko olatuak izugarriak dira, baina Kaliforniako ur hotzetako olatuak are eta beldurgarriagoak izan daitezke. Punta Pescaderoko eskuin olatuak bereziki itxura txarra du. Ingurunea bakartuta dago, haitzak oso gertu daude eta gainazalean diren orbel erraldoiek belztu egiten dute uraren kolorea. Ez dira gauza bera Hawaiiko olatu erraldoi bat eta ur hotzetako olatu munstro bat.

Bigarren aldaketa eragin zuen ezbeharra 2007ko abenduaren 4an gertatu zen. Peter Davi, 49 urteko surflari aditua ito egin zen hainbeste maite zuen urautsian. Anthony Tashnick izan zen Davi ikusi zuen azken surflaria.

Tashnick eta Davi elkarrekin aritu ziren Tow-in egiten. «Inguruko berezitasunen berri eman zidan, Pescadero Point izena defendatzen zuen eta beretzat leku hark nolako garrantazia zuen azaldu zidan», kontatzen zuen Tashnickek. Davik bultzatutako olatu baten erori ostean, sekulako egurra jaso eta nola edo ahala lehorrera iristea lortu zuen Tashnickek. «Nire autoan joan nintzen. Davi ikusi nuen azken aldia izan zen».

Horren ostean, ozeanoaren zaintzaz arduratzen den NOAA erakundearen eta surflarien arteko eztabaida sortu zen, eta eztabaida haren ostean Punta Pescaderon uretako motoekin surf egitea debekatu zuen Kaliforniako Gobernuak.

Kontua da, urautsira iristeko Montereyko portutik abiatzen zirela uretako motoak, eta lekua iristeko egin behar zituzten 11 milietan sei itsas-eremu babestu zeharkatzen zituztela. 2009ko martxoan indarrean ezarri zen legeak espresuki galarazi zuen uretako motoen erabilera, eta eremu hartan surf egiteko baldintza zehatzak ezarri zituen.

Ordutik, neguko hilabete zehatzetan bakarrik surf egin daiteke bertan, eta, legeak dioen moduan, motoen laguntzarik gabe. Peter Mel olatu handietako surflari mitikoak dioenez, «han surf egiten duenak arrisku handia hartzen du, bakarrik baitzaude, eta arazo bat izanez gero ez duzu laguntzarik izango».