Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Beste bi euskarara, Susarekin: bata hastetik lagun eta bestea pairamenean argi

Munduko Poesia Kaierak bildumako bi antologia berri aurkeztu ditu Susa literatura argitaletxeak. Federico Garcia Lorcari eskainitako 43. kaierarekin klasiko espainiarrari tokia egin diote; 44. zenbakia Anna Akhmatovak hartu du, Errusiako poesiaren garai loriatsuko ordezkari garrantzitsuenetakoak.

Juan Luis Zabala eta Josu Landa, Munduko Poesia Kaierak bildumara batu diren lanekin.
Juan Luis Zabala eta Josu Landa, Munduko Poesia Kaierak bildumara batu diren lanekin. (Jon URBE | FOKU)

Juan Luis Zabala eta Josu Landa itzultzaileak arduratu dira Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumara batu diren antologia berriak euskarara ekartzeaz. Federico Garcia Lorca (1898-1936) itzuli du lehenak, eta Anna Akhmatova (1889-1966) bigarrenak. Atzo Donostian aurkeztu zituzten bildumako 43. eta 44. lanak.

Mamitua zuen Juan Luis Zabalak García Lorca poeta espainiarra. Hastetik, ikasia zuelako eskolan eta, bestetik, haren testuak hartu eta itzulpenean probatzen aspalditik ibili da eta, “Poeta New Yorken” (Erein) euskaratu zuen saiakeren egitetik, 2003an.

1936an hil zuten arte, poeta honek tradizio espainiarrak, Andaluziako ijitoak nahiz 1929ko krisian murgilduta zegoen New York basaren kapitalak destatuta zituen beltzak poesian jasota eman zituen mundura. Haren antologia dakar orain Juan Luis Zabalak.

Estiloari dagokionez, itzultzaile zurruntzat du Zabalak bere burua: «Nire joera nahiko literala izaten da. Ez dut poemaren esanahi literariotik kanpo asko hegan egiten», azaldu zuen.

Perfekzioan ia

Ezinezkoan saiatzen zen Anna Akhmatova poeta errusiarra, perfekzioan, metrika zuzenaren, errima zehatzaren, eta «silaba azentudunen eta azentugabeen arteko orekaren bila», nabarmendu zuen Josu Landak. Ezin perfekzioa lortu, baina ahalik gehien gerturatu zen: XX. mendeko poesia errusiarraren zilarrezko arloan, beste izen handiekin batera agertu da Akhmatova.

«Poetak etengabe mintzo dira amodioaz, udazkenaz...; konstante bat dira. Baina zerk bihurtzen duen poeta bat ohiz kanpokoa argi dago: begirada bereziak. Non jartzen den fokua. Eta Akhmatovaren poesia guztietan azpimarratu izan da hori. Idazteko modu zeharo pertsonala zuen, poeta handi guztien legez», nabarmendu zuen Landak.

Errusiarraren begirada hazi egiten da, Landaren esanetan, «transzenditu» egiten duelako», eta haren «pairamena», idaztearekin. «Ingurukoen pairamena ere islatzen du, haiekin mimetizatzeko eta haiei ahotsa emateko», esplikatu zuen itzultzaileak.

Poeta hau akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute zenbait adituk, sinbolismoaren ordez poesia lurtarragoa egin nahi zuten «hitzen artisauen» taldean. Maitasuna zuen, hastapenean, gai zentrala Akhmatovak. Baina Lehen Mundu Gerra, Bigarrena eta Urriko Iraultza bizi zituen, baita semearen espetxealdia ere, eta aise eta halabeharrez utzi zituen maite historiak, sufrimenduaren lirika gailentzeko.

Hiru parte bereiz daitezke editatu duen antologian: lehenengoan 28 poema solte -700 inguru ezagutzen zaizkio-, bigarrenean “Requiema” obra ezaguna, eta hirugarrenean “Heroirik gabeko poema” luzearen zati bat, Akhmatova hil arte zuzentzen eta hobetzen saiatu zena, perfekziora hurbilduz hil hurren.