GARA
BILBO

“Love & Money”, Pabellon 6ek lehen aldiz euskara hutsez ondutako lana

“Love & Money”, Pabellon 6eko Antzerki Laborategiaren eta Gazte Konpainiaren azken ekoizpena Arriaga Antzokian estreinatuko dute bihar. Pabellon 6en eskainiko dute ondoren. Dennis Kellyk idatzia, Idoia Barrondok ekarri du euskarara. Bost aktore agertoki gainean, neoliberalismoaren eta bere pertsonaiak hondoratzen dituen angustiaren bilakaera negatiboak gorpuzten.

Arriaga Antzokian estreinatuko da antzezlana bihar, eta Pabellon 6en eskainiko dute gero.
Arriaga Antzokian estreinatuko da antzezlana bihar, eta Pabellon 6en eskainiko dute gero. (PABELLON 6)

“Love & Money”, Pabellon 6eko Antzerki Laborategiaren eta Gazte Konpainiaren azken ekoizpena Arriaga Antzokian estreinatuko dute bihar 19.30ean.

Dennis Kellyk 2006an idatzia, Idoia Barrondok ekarri du euskarara. «Umorez eta krudelkeriaz disekzionatzen ditu neoliberalismoaren eta bere pertsonaiak hondoratzen dituen angustiaren bilakaera negatiboak. Pertsonaia zaurgarriak zein immoralak, biktimak zein martirizatzaileak», adierazi dute Pabellon 6ekoek.

Cecile Marquetten zuzendaritzapean, lehen aldia da Pabellon 6ek euskaraz bakarrik ekoitzitako antzezlan bat eskaintzearen alde egiten duela. Arriaga Antzokian mustu ondoren, datorren astetik aurrera, azaroaren 4tik hilaren 27ra arte, hain zuzen ere, antzezlanak han izango du egoitza.

Ohikoa duen gisan, hizkera gordina, ironiaz betea erabili du Kellyk lan honetan ere. Bost antzezle igoko dira agertoki gainera: Ugaitz Alegria, Aitor Echarte Merino, Eneritz García Alonso, Miriam K. Martxante eta Aiora Sedano.

Neoliberalismoaz hausnarketa

Gordintasunez eta aldi berean umorez, kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruz hausnartzera gonbidatzen eta bultzatzen duen pieza da. «Zorpetutako bikote bat jartzen du ikusleen aurrean, eta haren infernurako jaitsiera erakusten digu, diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean maitasunetik zer geratzen den galdetzeko», kontatu dute muntaiaren arduradunek.

«Cecile Marquette zuzendaria antzerkiaz baliatzen da pertsonen pentsamoldea zabaltzen saiatzeko, eta bizi garen munduaren inguruan gogoeta egitera animatzeko. Horri dagokionez, berak azpimarratzen du, ‘Love & Money’ irakurri zuenean zerak hunkitu zuela, gizarte honetako errealitaterik basatienetako bati buruz hitz egiteko duen gaitasunak, zikoizkerian eta moralismoan erori gabe. Ahulak zein moralik gabeak, biktimak zein martirizatzaileak, taularatzen diren pertsonaiak eguneroko bizitzako pertsonaiak dira, beren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten presioen artean harrapatutakoak», gaineratu dute.

Maiteminez

David maitemintzen ari da. Arrazoi profesionalengatik neska frantses batekin duen mezu elektronikoen trukearen ondorioz maitasunean sinesten du berriro. Baina Davidek sekretu bat dauka. Sekretu jasanezina da, eta emaztearen heriotzaren benetako inguruabarrei buruzko aitorpen txundigarri batera eramango du. Jess maiteminduta dago. Zoriontasuna eros daitekeela uste du, baina ez da merkea kredituak eta zorrak erraz pilatzen diren mundu honetan.

«Alderantziz kontatutako fabula garaikide ilun honetan, Dennis Kellyk planteatutako funtsezko galdera honako hau izan liteke: zer geratzen da maitasunetik, diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean? Zorpetutako bikote baten infernuetarako jaitsierarekin, gure buruari kontsumo gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruzko galderak egitera gonbidatzen gaitu. Baita geure nahiei buruz ere», diote.

Sarrerak salgai daude Arriagaren webgunean (www.teatroarriaga.eus). Baita 946-850850 telefono zenbakian eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.