Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Lyonen, «Printze Txikia» bailitzan, Europan hasiko da IDK Euskotren

Bihar abiatuko dira Azu Muguruzarenak eta ostegunean, 20.00etan, Asvel Villeurbanne, K multzoko faboritoaren etxean egingo dute debuta Emakumeen Eurocupean. Montpellierreko BLMA eta Zabiny Brno txekiarrak osatzen dute taldeen zerrenda.

Azu Muguruza, Emakumeen Eurocupean debutatu bezperetan, prestaketan laguntzen.
Azu Muguruza, Emakumeen Eurocupean debutatu bezperetan, prestaketan laguntzen. (Jon URBE | FOKU)

Estatu frantseseko hirugarren hiririk handiena da Lyon, Parisen eta Marseillaren ostean, eta IDK Euskotrenek ostegun honetan Emakumeen Eurocupean debuta egingo duen hiria ere bada. Hazten segi duen heinean, Lyonek Villeurbanne hiria «irentsi» egin du. Asvel Villeurbanne saskibaloi kluba -gizonen taldeak ostiralean jokatuko du Saski Baskoniaren aurka Euroligako dema- izango da donostiarren lehendabiziko aurkaria, etzi, 20.00etan.

«Pasatu den udaberrian ‘datorren urtean Europara goaz’ lasai asko esaten genuen, baina orain hemen bertan dugu», adierazi du Azu Muguruza entrenatzaileak atzo eskaini zuen prentsaurrekoan. «Eta taldeko aurkari zailenaren kontra gainera», azpimarratu zuen.

Lyon da, bestalde, Antoine de Saint-Exupéry hegazkinlari eta idazlearen sorterria; hau da, “Printze Txikia” liburuaren egilea. Mariasun Landak dioen moduan, «mundua eta bizitza deskubritzen dituen ume baten ibilbide iniziatikoaren kontakizuna» dugu berau.

Saint-Exupéryk berak bere burua irudikatzen du Saharako basamortuan, galduta, hegazkin istripu bat izan ondoren. Orduan, printze txiki estralurtar bat agertu eta harekin luze hitz egin du. Idazleak bere ikuspegi propioa ematen du giza ergelkeriaz eta umeen jakintza samurraz. Hala, umeentzako historia itxurarekin, gai askoz sakonagoak aztertzen dira.

Bada, Josean Gascako bere asteroide propiotik kanpo, IDK Euskotrenek ere mundua ezagutuko du, Emakumeen Eurocupean aurkituko dituen egun onak eta latzak, une pozgarriak eta miseriak, eta etorkizunera begira eskarmentua irabazteaz gain, urte hauetan guztietan behetik gorantz egin duen bidean zenbait aurreratu duen eta zenbat falta zaion aurreratzeko ikasiko du ere.

IZENA ETA IZANA

Aurreneko faseko ligaxka honetan K multzoan jokatzea egokitu zaio talde donostiarrari. Asvel Villeurbannez gainera, Estatu frantseseko BLMA taldeko «gazelak», Montpellier ingurukoak, eta Zabiny Brno txekiarrak izango dira gipuzkoarren beste bi aurkariak.

«Ezin gara Europara joan txango batera bagindoaz bezala. Gure aurreneko helburua ikastea da, gure burua Europako txapelketa baten nola moldatzen den ikustea, baina ez goaz denborapasa eta ahaleginduko gara ligaxka honetan ere aurrera egiten», adierazi zuen Azu Muguruak.

Estatu frantseseko liga txapelketa ez da oraindik abian jarri eta horrek, nahitaez, zaildu egin du IDK Euskotrenentzat Asvel Villeurbanne taldeari buruzko «scouting» itxurosorik egin ahal izatea. Baina horrek ez du esan nahi taldea ezezaguna denik.

Hala, Frantziako selekzioarekin dominak irabazitako Marine Johannes, Sandrine Gruda, Alexia Chartereau eta Helena Ciak aurki ditzakegu, edo Belgikako selekzioko antolatzaile titularra den Julie Allemand. Horrez gain, euskal saskibaloi zaleentzat ezagunak diren aurpegiak ere badaude. Batetik, Lointek Gernika Bizkaian bi bi urtetan jokatu zuen Blake Dietrick estatubatuarra, eta bestetik Araskin pare bat denboralditan aritu zen Laura Quevedo hegaleko espainiarra, besteak beste.

«Badakigu jokalari bikainak direla, eta gure kasuan, gainera, Europan etxetik kanpo jokatzea oso ezberdina dela entzuten dugu etengabe. Beldurra ematen du. Baina gure eginbeharra kantxa barruan eta kanpoan talde itxura sendoa ematea da. Hala emanez gero, taldea gutxienez lehiatzeko gai izango da», iritzi zion Muguruzak.

Dena beharko du IDK Euskotrenek, Gasca pabiloiko bere asteroidetik beste mundu ezberdinetara jauzi egitera doan une honetan, lantzean behin har ditzakeen muturrekoen aurrean bururik jaitsi gabe aurrera egiteko.

Ez omen dago Ivana Racaren ordezkorik

Hurrengo asteetan IDK Euskotrenek hiru egunetik behin jokatu beharko du, ohi baino sarriago. «Lan-kargak behar bezala banatzea» da uneotan Azu Muguruzaren obsesioa, ez baitago, antza, jokalarien merkatuan Ivana Racaren ordezkorik. «Arrazoi pertsonalak» tarteko, serbiarrak laga egin zuen talde donostiarra, partida bakarra jokatu eta gero.

«Bila dihardugu, baina une hauetan ez dago behar dugun ezer; eta ez du merezi taldearen dinamikan sartzen saiatzea ezer eman dezakeenik uste ez duzun jokalaririk», onartu zuen entrenatzaile donostiarrak.

Aldiz, La Seu d'Urgellen min hartu ondoren, Ane Esnalek ez zuen larunbatean Perfumerias Avenidaren aurka jokatu, baina, atzotik bertatik hasita, taldekideekin entrenatzeari ekin zion. «Egun gutxiko kontua da, Ane taldera bete-betean itzultzeko», aipatu zuen, zorionez, Azu Muguruzak. A. G.