Mitxel ELORTZA EXEA
KOLABORAZIOA

Atzerriko hizkuntzaren ikasketa goiztiarraz

EAEn ingelesa 3 urtetik aurrera ezarriko da datorren ikasturtean, eta, hezkuntza legearen aurreproiektuaren arabera, ingeleseko orduak biderkatu egingo dira. Nafarroan, PAI ingelesez ikasteko programari hezkuntza-eredu izaera emateko foru dekretua onartuko da. Baina, ingelesaren ikasketa goiztiarrak bermatzen ote du konpetentzia linguistiko hobea erdiesten dutela gerora ikasleek? Gaur, zenbait ikerketa zientifikoren bidez, ikaskuntza goiztiar hori zalantzan ipiniko dut. Alde batetik, Harvard Unibertsitateko “Three misconceptions about age and L2 learning” ikerketa. Bestetik, Bartzelonako Unibertsitateko Carmen Muñoz filologoak egindakoa: “Contrasting Effects of Starting Age and Input on the Oral Performance of Foreign Language Learners”.

Bi ikerketek ikasle helduek atzerriko hizkuntzan maila oso altuan ikasteko gaitasuna dutela agerian utzi dute, eta haur oso txikiei atzerriko hizkuntzak sartzea ezin dela justifikatu hizkuntzak ikasteko prestutasun biologikoaren arabera.

Ikerketa hauek ere zalantzan jartzen dute historikoki neurobiologoek aipatutako aldi kritikoa. Aldi kritikoa hizkuntzen jabekuntzarako hizkuntza bat ikastea nahiko erraza den eta normalean arrakasta handia izaten duen garaia da. Aldi hori amaitutakoan, ikasleak aukera gutxiago izango du atzerriko hizkuntzan ama-hizkuntzaren pareko gaitasuna lortzeko. Psikolinguisten artean, oro har, onartuta dago aldi kritiko bat dagoela lehenengo hizkuntzan, baina eztabaida sortzen da aldi kritikoaren aldarrikapena H2ra (bigarren hizkuntzara) edo atzerriko hizkuntzaren ikasketara zabaltzen denean.

Datuek argi uzten dute haurrek hizkuntza berriak poliki eta esfortzuz ikasten dituztela; nerabeek baino polikiago eta esfortzu handiagoarekin, gainera. Hizkuntza berria era eraginkorrean jasotzeko bide bakarra murgiltzea da.

Aurkikuntza hauek atzerriko hizkuntzen programetan ikasle gazteen ustezko abantailak zalantzan jartzen dituzte, eta frogatzen dute haur helduagoek edo nerabeek gazteagoek baino gehiago ikas dezaketela denbora tarte berean. Adinak eragina du hizkuntzaren ikasketan, baina batez ere faktore sozialekin, psikologikoekin, hezkuntzakoekin eta bigarren hizkuntzari eragin diezaioketen beste faktore batzuekin lotuta dagoelako, eta ez helduek hizkuntza ikasteko aukera mugatzen duen aldi kritikoaren ondorioz. Bestalde, atzerriko hizkuntzen ikasketa lehen hezkuntzako hasierako mailetan sartzeko erabakiak, eskola-planeko beste alderdi batzuen kostuen aurrean aztertu behar dira. Izan ere, Collierrek (1992) haur elebidunen ikasketak interpretatu zituen lehen mailetan, eta H1 irakaspena azken alfabetatzerako H2 irakaspena baino garrantzitsuagoa dela adierazi zuen. Horrez gain, dakigunez, ez dago atzerriko hizkuntzen irakaskuntzak matematikan, zientzietan, musikan edo arte irakaskuntzan inbertitutako denbora gehigarriak baino gehiago balio duela erakusten duen ikerketa onik.

Ikerketa hauen emaitzak ikusita, agintari politikoek atzerriko hizkuntzen ikasketa goiztiarraren inguruko hausnarketa egin beharko lukete. Eta atzerriko hizkuntzak goiz txertatzen tematu ordez, irakasgai hori emateko exijentzia maila igo, formazio gehiago eta testuinguru aproposak sortu beharko lirateke (ikerketetan aipatzen da irakasleria eta testuingurua zein garrantzitsuak diren). Gainera, aipatutako guztiak euskararen irakaspena bultzatuko luke, eta baita gerora atzerriko hizkuntzen konpetentzia maila igo ere.