Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Iñigo Antsorregik bere depresioa biluztu du «Nire minaren etxean» lan berrian

Bi urtez depresioak hartu zuen Iñigo Antsorregi Dierez. Garai ilun haietan ideia suizidak izan zituen. Hil egin nahi zuela aitortu zion amari. Gaur den egunean, errekuperatuta, biluztu egin du bere burua «Nire minaren etxean» liburuan (Elkar). Ariketa konplexua baina beharrezkoa izan da, eta besteak lagundu nahi lituzke.

Iñigo Antsorregi Dierezek bere bigarren lana dena aurkeztu zuen atzo Donostian.
Iñigo Antsorregi Dierezek bere bigarren lana dena aurkeztu zuen atzo Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Gaztea izan arren, depresioa zer den badaki Iñigo Antsorregi Dierezek. 2019an hasi ziren lehen zantzuak, oroitzen duenez. Triste eta nekatuta sentitzen zen, baina neke hori, fisikoa baino, emozionala zen. Barrenean eritasun bat sentitzen zuen, esplikatu ezin zuena. Min hori areagotzen zen neurrian piztu ziren bere buruaz beste egiteko ideiak suizidak. Egun batean «hondoa jo eta apurtu» egin zen amaren aurrean. Barruak hustu zituen: hil egin nahi zuela aitortu zion elkarrizketa hartan.

Hiru urte igaro dira, eta lanketa sakona egin du idazleak zulo beltzetik ateratzeko. Gaur egun, errekuperatuta dagoela, liburu batean jaso ditu bere bizipenak. “Nire minaren etxean” (Elkar) kontakizun erabat autobiografikoa da, eta umoretik heldu dio gaiari, begietara aurrez aurre begiratzeko. Bere asmoa, nahia, bere lekuan diren pertsonak lagundu ahal izatea da. «Pertsona bakar bat konprenituta sentitzen bada, merezi izan du», aditzera eman du.

Lana atzo aurkeztu zuen Donostian, Xabier Mendiguren Elkarreko editorea aldamenean zuela. Ez da «liburu batere erraza izan», kontatu zuen, baina beharrezkoa zitzaion. «Lanak buru osasuna asko jorratzera eraman nau, eta erronka handia da gaia lantzen ari zarela norberarena zaintzea», esan zuen.

Depresioaren gaia umorez tratatzen duen liburua dela esan bezain laster ñabartu zuen: «Bueno, bai eta ez». Eta azaldu zuen: «Depresioa da gai nagusia, baina ez naiz zuzenean gaiaz barrez ari. Liburu honetan ni naiz nire txisteen biktima nagusia. Liburu honetan zerbaitek barregura eragiten badizue, baina ez bazarete ausartzen barre egitera, nire baimena duzue. Egin barre nitaz, lasai. Umoreak estigmak kentzeko asko laguntzen du, hori da gehien behar duguna».

Bizitakoa partekatu nahia

“Nire minaren etxean” hitzaurre bana idatzi dute Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek. Ondoren datorren mamia abiada bizian idatzi du Antsorregik. Barrenak hustu zituen, bihotza ere bai, parez pare zabalduta. Zintzotasunetik eta askatasunetik idatzitako lana da honakoa.

Iragan urtarrilean Eitb-ko ‘Biba Zuek’ saioan testigantza aurrenekoz modu publikoan eman ondoren, zerbait gehiago egiteko gogoz gelditu zen. Maiatzean, langabezian gelditu zela probestuz, idazketari ekin zion. Hilabete eskasean amaitu zuen.

Kontaketaren abiapuntua «oso gogorra da». «Ideia suizidak nituen garai hartan bideo bat grabatu nuen, hilik aurkitzen nindutenerako. Bada, liburua hasten da bideo hartan esaten nituenekin, eta atzera bueltatzen naiz gero, hori eragin zidanaren bila, eta momentu hartan nola aurkitzen nintzen hausnartzera eta partekatzera ondoren. Hortik aurrera kronologikoa da kontaketa».

Idazleari beste esperientzia pertsonal batzuk irakurtzea eta ezagutzea lagungarria izan zaion neurri berean, beste hainbeste eragin nahiko luke orain.