GARA
LESBOS

MSFk 22 pertsona egoera kritikoan aurkitu ditu Lesbosen, jipoituta eta eskuak lotuta

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak Greziako Lesbos uhartera iritsi berri ziren 22 migratzaile egoera kritikoan aurkitu zituen, tartean haurrak eta emakumeak. Horietako hiru eskuburdinez lotuta zeuden, eta beste lauk zauriak zituzten gorputzean. MSFko larrialdi talde batek muino batean aurkitu zituen joan den ostegunean, dei bat jaso ondoren. Teo di Piazza Lesboseko MSF proiektuen koordinatzaileak azaldu zuenez, migranteek larrialdi taldeari adierazi zioten zazpi edo zortzi pertsona hurbildu zitzaizkiela, medikuak zirela eta janaria zutela esanez. «Jipoitzen eta eskuburdinak jartzen hasi ziren, eta iristen entzun gintuztenean, berehala ihes egin zuten», azaldu zuen Di Piazzak. MSFk antzeko indarkeria testigantzak jaso ditu Lesbosera eta Samosera iristen diren lagunengandik, bidaia traumatikoen ondoren.

Joan den abuztuan erakundeak salatu zuen urte hasieratik Samosen arreta medikoa jaso zuten 570 migratzaileetatik asko Turkiara bero-beroan itzuli zituztela edo Greziako agintarien indarkeriaren biktima izan zirela.