GARA Euskal Herriko egunkaria

Hariak, erresistentziazko istorioen zinemaldi berria Hernanin

Zinemaldi berria dute Hernanin, Hariak. Munduan zeharreko borroketako erresistentzia mugimenduak ditu ardatz zinema zikloak. Azaroaren 3an hasi eta 13an amaituko da eta Kulturarteko Plaza Feminista izango du kokalekua.

Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldiko kartela. (GARA)

«Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak urteak daramatza sentsibilizazio lana egiten eta egin izan ditugu film proiekzioak. Zinema zikloa antolatu eta herrian gai hauei fokua jartzea pentsatu genuen», esan zuen Lankidetza arloko zinegotzi Itsaso Lekuonak.

Zinemaldiaren izenari buruz hau adierazi zuen: «Donostiak badu Giza Eskubideen Zinemaldia, Bilbok egiten du Film Sozialak jaialdia, eta iruditzen zitzaigun giza eskubideen urraketak ikusarazi behar genituela. Urraketan baino horren aurrean ematen diren erantzunetan jarri nahi izan dugu fokua. Borroka bat Mexikon, Egipton ala Euskal Herrian gertatu, denek loturak dituzte komunean eta horiexek irudikatu nahi ditugu ‘Hariak’ izenarekin».

Pozik agertu da osatutako lehen egitarauarekin. «Programa orekatua osatu dugu. Gai ezberdinak jorratzen ditugu, munduko txoko ezberdinetakoak baina baita hemengoak ere. Saiatu gara aniztasuna irudikatzen gai eta hizkuntza aldetik, eta emakumezkoek sortutako ikus-entzunezkoei lekua egiten». Filmak ikusi bakarrik ez, zuzendarien eta hainbat adituren presentzia nabarmena izango du zinemaldiak. «Astean zehar arratsaldero ikus-entzunezkoa eskainiko da eta horri lotutako solasaldia prestatu dugu. Kasu batzuetan zuzendariak beraiek etorriko dira eta ezin izan dutenen kasuetan interesgarria iruditu zaigu gaian aditua den norbait gonbidatzea».

Gonbidatuak

«Adibidez, Ekialde Hurbileko bi film dauzkagu lehen larunbatean -Alba Sotorraren ‘El retorno, la vida después del ISIS’ eta Samaher Alqadiren ‘Como yo quiera’- eta horien testuingurua ondo azalduko duen norbait ekarri nahi genuen eta Olga Rodriguez kazetari eta Ekialde Hurbilean aditua gonbidatu dugu. Abortu eskubidearen inguruko dokumentala ere badugu, ‘Nuestra libertad’. Celina Escher zuzendaria ezin da etorri, El Salvadorren zentsuratu egin diote lana, eta interesgarria iruditu zaigu El Salvadorren gertatzen diren urraketekin batera abortu eskubidea gurean nola dagoen aztertzea. Horregatik solasaldia osatuko dugu Askabide Klinikako kide Naroa Iturrirekin eta Hego Amerikan abortu eskubidearen gaian lan egin duen abokatuarekin, Ana Maria Palaciosekin».

Bigarren asteburuan batez ere migrazioez arituko dira. «Ana Serna, Marta Gomez eta Paula Iglesiasen ‘Ipar Basatia’dokumentala izango dugu. Konparaketa egiten du Irun-Hendaiako mugaren eta Mexiko-AEBetakoaren artean. Kasu horretan Migratzaileen Karabanako eta Irungo Harrera Sareko kideak ekarriko ditugu, migrazioaren inguruan antolatuta dauden herri mugimenduetako kideak, pantailan ikusiko dugun horri lur hartze bat egin eta hausnarketa eragiteko», azaldu du.

Beste lan hauek ere ikusi ahal izango dira zinemaldian: “Flores de llanura” (Mariana X. Rivera), “Els Nostres George Floyd” (Marc Almodovar eta Ricard Gonzalez), “918 GAU” (Arantza Santseteban), “En la call” (David Macian), “Indestructibles” (Jose Bautista, Xavier Aldekoa eta Alfons Rodriguez), “Awlad, hesiak gainditu” (Ane Irazabal eta Cosimo Caridi), “Aquí estamos” (Javier Rios), “Vecinas vivas donde vivas” (Lucia Muñoz) eta “Vidas invisibles” (Alba Pascual).

Egitaraua Hernaniko Udalaren webgunean (www.hernani.eus) aurki daiteke.