GARA Euskal Herriko egunkaria

«Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-», Angel Erroren azken lana

Urteetan zehar idatzitako poemekin argitaratu du bere azken poesia-bilduma Angel Errok, XIV. Blas de Otero-Angela Figuera Poesia Lehiaketa irabazita. Gaitegiari dagokionez, maitasunaren ingurukoa izan daitekeela uste du idazleak, baina irakurleari dagokiola hori zehaztea. Aurreko lanekin alderatuz, azken hau, bai formaz bai gaiei dagokienez, «kaotikoagoa» dela adierazi zuen aurkezpenean, ez diotelako egitura zehatz bati estuki jarraitzen.

Angel Erro «Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-» aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Izenburuak besterik dioen arren (“Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-”), ez du poema liburu bat irakurtzeko pauta edo «leziorik» ematen Angel Erro burlatarraren azken poesia bildumak. Baina «bukatzerako ohartu zara irakurri duzula liburua; hori da jarraibideen azken helburua, ezta? Liburua irakurtzea», esan zuen, ohikoa duen umore zorrotzez, asteazkenean Donostian egindako aurkezpenean. XIV. Blas de Otero- Angela Figuera Poesia Lehiaketa irabazi du azken lan honekin.

Uxue Razquin Ereineko editorearekin batera aurkeztu zuen Errok liburua. Irakurle guztientzat dela uste du, eta irakurle bakoitzarekin «balizko elkarrizketa» interesgarriak sortuko dituztela poesiek.

Liburuak jasotzen dituen poemak «ordenagailuko hamaika karpetetan, desordenatuta eta birus batek noiz hartuko zain» zeudela adierazi zuen idazleak. Ideia, proiektu eta «porrot askoren metaketaren emaitza» da azken bertsioa, idazlearen esanetan. Eta ondorioz, garai ezberdinetan eta gai ezberdinei buruz idatzitako poemak daude bertan.

Egunekotasuna

Razquin editoreak, liburua jaso zuenean poesien «giltza» egunerokotasunean aurkitu zuela azaldu zuen. Bere ustez, poesia eguneroko bizitzan gertatzen delako. Erroren ohiko estiloari jarraiki, umore asko dagoela esan zuen eta, gaiei erreparatuta, nagusia maitasuna dela; «amaren figura eta hiriak ere presente daude, poeta mugimenduan ikusten da».

Idazlea bera zalantzati agertu zen zein gai gailentzen den galdetuta, eta hori «irakurlearen lana» dela esan zuen. Saria irabazi eta gaiaren inguruan galdetu ziotenean «boteprontoan» eman zuen erantzuna ekarri zuen gogora, «pentsatu gabeko erantzunek egiatik hurbil egoteko aukera» dutela uste baitu burlatarrak. «Maitasunari buruz ari naizela uste dut» izan zen orduko erantzuna, eta editoreak ere hori azpimarratu izanak poztu zuen. Amodioaren gaia oso zabala dela esan zuen, amodioa izan baitaiteke pertsonen artekoa, herriarekikoa, hizkuntzarekikoa, poesiarekikoa... Baina tartean desamodioa ere badagoela zehaztu zuen. Razquinek aitortu zuen izenburuarekin lehen kolpean metapoesia izango zela pentsatu zuela eta, bilduman jorratzen den gai nagusia ez bada ere, poesia zertan den azaltzen duten aleak ere badaudela: “Errepika, erritmoa, erritua”, “Bertso-lerroak neurtzeaz” eta “Etena” poemak, esate baterako.

«Irakurtzea gustatuko litzaidakeen liburu bat egin dut», esan zuen idazleak, poema-liburu «kaotikoak» gustuko dituela aitortu eta bere azkenak ere horrelakoen antza duela gehituta, poemek ez dutelako ordena jakinik eta gai ezberdinen inguruan hitz egiten dutelako.

Bere aurreko lanekin alderatuz -“Eta harkadian ni” (2002) eta “Gorputzeko humoreak” (2005)- ezberdina dela azaldu zuen, batez ere egiturari dagokionez. Idazlearen hitzetan, beste lanek «oso egitura sendoa» zuten eta azken poesiek, berriz, ez diote egitura zehatz bati jarraitzen. Estiloari begiratuta, garai ezberdinetan sortutako poesiak direnez estilo ezberdinak daudela esan zuen.

Hiruren artekoak

Erroren ustez, poesia gutxitan da biren kontua, eta irakurlearen «beharrezkotasuna» azpimarratu zuen. Are gehiago gidaliburu baten kasuan: «Irakurlearen presentzia behar dute gidaliburuek; norbaitek gauzatu behar ditu liburuan idazleak jasotakoak».

Sorkuntza prozesua oztopatu dion azken «fenomenoaren» aitorpen bat ere egin zuen aurkezpenean: «Mugikorrak kamera izateak poesia batzuk kendu dizkit. Lehen, zerbait gogoangarria ikusten nuenean, poesia bat idatziko nukeen, memoriak ez duelako beti balio; paperera eramaten nuen ikusitako eszena hori. Orain, argazkia ateratzen dut jasotzeko, eta ez idatzi».