GARA
ESKUBALOIA

Asobaleko ibilbidea zuzentzeko derbia

Salinasen hutsunea izango du Bidasoak.
Salinasen hutsunea izango du Bidasoak. (A. CANELLADA | FOKU)

Asobal ligari nahi eta uste baino gorabehera gehiagorekin ekin dioten bi talde jarriko ditu aurrez aurre (19.00) Artalekuko derbiak. Europako bideari bikain ekin diote, baina ligan nahi baino partida gehiagok alde egin dio Bidasoari eta, urrutira joan gabe, aurreko astean bertan belarrondoko handi samarra hartu zuen Logroñon. Anaitasunak, bestetik, defentsako lanari esker, ondo ekin zion denboraldiari, baina azken asteetan pattalaldi bat izan du eta azken partidan ere kolpe latza jaso zuen Puente Genilen aurka irabazia zuen partida bat etxean galduta. Puntu bakarra dago sailkapenean bi taldeen artean, bosgarrenak dira gipuzkoarrak eta zortzigarrenak nafarrak eta, alde horretatik, garrantzitsua izango da Artalekun gertatzen dena bi taldeen etorkizun hurbilerako.

Hala ere, asteartean Aguas Santas portugaldarren aurka partida borobila jokatuta helduko dira bidasotarrak derbi honetara eta, astean zehar bezalaxe, zaleen laguntza funtsezkoa izango dela uste du Jacobo Cuetarak. «Artaleku oso garrantzitsua izaten ari da guretzat. Ikusten ari gara ze giro sortzen den eta nola presionatzen dituen aurkariak eta, era berean, nola laguntzen digun guri». Gauzak horrela, asturiarrak zaleei kantxara gerturatzeko deia egin zien.

Aurkarien inguruan, Anaitasuna normalean gauzak zail jartzen dizkien aurkaria dela nabarmendu zuen eta garrantzi berezia eman zion une zailetan hortzak estutzen jakiteari. «Une txar bat dugunean Anaitasunak partzial handiegirik ez sartzea lortu behar dugu, nahiz eta zaila izan».

ANIMOARI BUELTA EMAN

Talde bakoitza hutsune garrantzitsuekin helduko da derbira, etxekoen artean Rodrigo Salinas eta iruindarren artean Arthur Pereira, funtsezko bi jokalari, luzerako min hartuta daude eta. Anaitasunak, hortaz, bi kolpe jaso ditu oso denbora gutxian eta animikoki nola erantzungo duen ikusteko dago.

Partidaren atarian, Quique Dominguez entrenatzaileak Bidasoaren maila goraipatu zuen. «Irungoa beti da irteera zaila. Badakigu zein den Bidasoaren maila, urte batzuk daramatza sailkapeneko goiko aldean eta Europan sartzeko borrokan». Gainera, «badaki nola jokatu behar duen, ezagutzen ditugu haien defentsak eta nola erasoko duten. Cuetarak, gainera, etekin handia ateratzen dio beterano eta gazteen arteko nahasketa horri».

Bere taldeari dagokionez, irundarrek akats kopurua ahalik eta gehien murriztu beharko luketela uste du eta, batez ere, irabazita zituzten partidak galtzera eraman dituen kontzentrazio faltarik ez izatea.

Bi taldeek, hortaz, lana erruz egin beharko dute derbian garaipena lortzeko.