Asier AIESTARAN
PILOTA

Ezkurdiak bere maila onena berreskuratu du, Laso finalerdietatik kanpo uzteko

Arbizuarrak partida bikaina jokatu du Labriten, tentsioa kudeatzeko arazoak izan dituen Unai Laso erabat menderatuz neurketaren bigarren zatian.

Joseba Ezkurdia, atzo Labriten, garaipena amorruz ospatzen.
Joseba Ezkurdia, atzo Labriten, garaipena amorruz ospatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Joseba Ezkurdiak 11-22 menderatu zuen Unai Laso Labriten, Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako neurketa erabakigarrian, eta berak jokatuko du, beraz, datorren larunbatean, berriz ere Iruñean, Peio Etxeberriaren aurka, finalerako txartela lortzeko partida. Egun handi horietakoa izan zen atzokoa. Txapela janzteko bi faborito nor baino nor, kale edo bale, eta sekulako giroa harmailetan. Eta tentsio hori askoz hobeto kudeatu zuen Joseba Ezkurdiak.

Aurrelari arbizuarra partidan oso sartuta irten zen hasieratik. 0-4 aurreratu zen markagailuan eta lau tantoak merituzkoak izan ziren: horma-bikoa boleaz, airez irekitako pilota, sakez zuzenean egindakoa eta dejada txokoan.

Hala ere, sakea berreskuratu zuenean, Unai Lasok ere ez zion hasiera txarra eman partidari. Ezkurdiaren horma-bikoa harrapatu eta zabalean tanto ederra eginez lortu zuen 3-4koa, esaterako, eta ezker airez txokoan bikain utzita ondoren 4-5ekoa.

Hasiera gogorra izan zen, erritmo handian jokatutakoa, eta Ezkurdiak hobeto eutsi zion hauspoari. Izan ere, bost tanto jarraian eginda, 4-10 aurreratu zen markagailuan. Sakeak ederki funtzionatu zion, ezker gantxoz ere egin zuen erremate bikain bat, eta Laso ezinean ibili zen.

Hala ere, Ezkurdiaren akats pare batek aukera eman zion Lasori neurketan sartzeko. Sakez egindako pasa batekin eta aukera-aukerako pilota bat galduta, arbizuarrak 9-11 hurbiltzeko bidea ireki zion aurkariari. Ezkurdia gehiago zen, baina barkatzea garesti ordaintzen da askotan.

ATSEDENALDIAK, ETA AGUR

Lehen atsedenaldi luzera 9-12 iritsi zen neurketa, emaitza irekiarekin alegia, baina Ezkurdiaren hamabigarren hori Lasok sakez egindako falta batekin etorri zen, eta hortik aurrera Lasok ezin izan zuen ezertxo ere egin, erabat joan zen partidatik. Atsedenaldi luzearen ondoren, partziala 2-10ekoa izan zen, eta horrek argi erakusten du zein neurritaraino geratu zen Laso erantzunik gabe. Pena handia izan zen beretzat, bai eta ikusleentzat ere, azkenean ikuskizuna ez baitzen espero zena izan. Ezkurdiak pozez zoratzen amaitu zuen; Lasok, aldiz, lur jota.