GARA Euskal Herriko egunkaria

Albiste bikaina


Euskal Selekzioa mundu mailako surf txapelketetan bere koloreekin eta ikurrinarekin lehiatu ahal izango da. Albiste bikaina da. Beste kirolei ateak itxi zaizkiela eta Euskal Herri osoa ez dela ordezkatzen ere egia da, baina ez da hondamendia. Duela bi aste baino okerrago gaude? Zalantzarik gabe ez.

Surflariei eta pilotariei Euskal Selekzioarekin aritzeko aukera ireki zaie eta, surfaren kasuan, gainera, selekzioak osatzeko irizpideak aztertu beharko dira. Baina beste herrialdeetako selekzioak nortzuk osatzen dituzten ikusita, ez dirudi Lapurdiko surflariek Euskal Selekzioan parte hartzeko arazorik izango dutenik, Frantziako Federazioak utziz gero.

Izan gaitezen pragmatikoak. Kaliforniako surflari batek ikurrina eta “Basque Country” ikusten baditu, ez du Euskal Herriaren eta Euskadiren arteko bereizketarik egingo; ez dauka zertan gure miserien berri jakin, soilik euskaldun gisa lehiatzen diren surflariak ikusiko ditu. Zentzu horretan, Euskadiko Selekzioak Euskal Herri osoa ordezkatuko duela esan daiteke. Hala sentituko dugu.

Onartu behar da: gazteek ez dute abertzaletasuna lehen bizi genuen bezala sentitzen. Ez dago selekzio espainiar edo frantsesari intsumisioa egiteko prest dagoen lehiakiderik. Lotsagarria da, baina horrela da. Horregatik, ondoriorik jasateko prest ez dagoen belaunaldi bati nahi duen koloreekin aritzeko aukera irekitzea sekulakoa dela uste dut.

Euskal Herri osoko selekzio ofizial bat izateko modu bakarra Euskal Estatu bat izatea da, baina halakorik ez daukagu. Urrats txikiekin bidea egitera behartuta gaude, eta egin den azken urratsa itzela da. Orain aurrera egiten jarraitu behar da, eta lortuko dugula sinetsi.