GARA
TXIRRINDULARITZA

Eider Merino igotzaile bizkaitarra, Laboral Kutxaren lehen fitxaketa 2023rako

Euskadi Fundazioaren emakumeen taldearen liderra izango da errepidean, batez ere nazioartean, eta kirol gidaria gainerako taldekideentzat.

Merino, 2018ko Emakumeen Biran, GARAko maillotarekin, Movistar taldean zegoela.
Merino, 2018ko Emakumeen Biran, GARAko maillotarekin, Movistar taldean zegoela. (J. FONTANEDA | FOKU)

Eider Merino (1994, Balmaseda) fitxatu du Laboral Kutxa txirrindularitza taldeak datorren urterako. Euskadi Fundazioak adierazi duenez, taldeak bere egiturako atea ireki dio Merinori, «etxean bizikleta heldutasuna osatu ahal izateko», euskal txirrindulari onenei maila gorenean lehiatzeko aukera ematea baita babeslearen helburu nagusietakoa.

«Taldea hazi egingo da 2023an, eta 2024tik aurrera Women World Tour-ean leku bat lortu nahi du, euskal emakumezkoen txirrindularitza ezagutzera emateko mundu mailan», nabarmendu du.

Eider Merinok berak azaldu duenez, «kirol arloan gauzak ondo atera ez zaizkidan bi urteren ondoren, konfiantza berreskuratu nahi nuen, zoriontsu egon, egutegi bat izan. Eta non hobeto etxean baino, eta are gehiago Euskadi Fundazioa bezalako proiektu batean».

«Aukera desberdinak» izan dituela aitortu du, baina Laboral Kutxarena aukeratu duela «familia batean bezala sentitzeko, dena gertu izateko, ondo babestuta egoteko».

«Nire esperientzia osoa eman nahi diet maila handia duten txirrindulari gazteei. Konfiantza ematea lasterketan, egoera eta une jakin batzuetan. Giro ona gustatzen zait, eta hori taldeari ere eman diezaioket. Nazioartean geure burua ikusten eta emaitzak lortzen hasi behar dugu, ez baikara ezagunak, eta pixkanaka begirunea geureganatu. Taldearekin gauza garrantzitsuak lortzea espero dut, denak batera», adierazi du txirrindulariak.

Ion Lazkano Laboral Kutxako kirol arduradunak nabarmendu du Merinoren fitxaketa garrantzitsua dela egitura hazteko: «Urte asko daramatza txirrindularitzan, munduko lasterketa onenetan, maila gorenean. Hemen bere aurpegirik onena berreskuratzea espero dugu. Gure proiektua, oro har, bere izateko eta lan egiteko erarekin bat datorrela uste dugu, eta etekin ahalik handiena atera dezakeela gurea bezalako ingurune hurbil batean. Gainera, etxeko gainontzeko txirrindularientzat eredu bikaina da bere ondoan ikasi eta hazi daitezen».