GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Arnales mendia, hirumilakoen artean


Arnales mendiak ez du “zorterik” izan garaierarekin. Ofizialki 2.996 metro ditu. Hala dio, aspalditik gainera, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) argitaratutako mapa topografikoan (1;25:000).

Alabaina, ofizialak ez diren beste neurketa batzuek kontrakoa diote. Pirinioetako hirumilakoen inguruan Juan Buysek eta Luis Alejosek argitaratutako liburuek, adibidez, diote Arnalesek 3.006 metro dituela. Bi argitalpen horiek, berez, ez dute neurketarik egin. Haien oinarria UIAAk (Nazioarteko Mendi eta Eskalada Federazioa) eginikoan zehazten da. Hots, aipatu dugun garaiera hartu dute.

Orain, aldiz, Sostremetries taldea beste iritzi batekin azaldu zaigu. Arnalesen altuerari buruz egin berri duen neurketak baieztatzen du mendi hori hirumilako bat dela. Baina ez dator bat UIAAren neurketarekin. Metro gutxi batzuk kendu dizkio, eta Sostremetries taldearen arabera 3.001,37 metro ditu.

Agian, Pirinioetako hirumilakoen zerrendaren atzetik dauden mendizaleek lasaitu ederra hartu dute, baina jakin badakigu, ofiziala ez den arren, badaezpada ere igotzen dutela. Nahiz eta mendizaleek eta beste eragile batzuek argi duten Arnales hirumilako bat dela, nahasmendua dago neurketa horren inguruan.

Zalantza horiek guztiak indartu dituena Aragoiko Institutu Geografikoa (IGEAR) izan da. Bere kartografian (1:5.000) zioen Arnalesek 2.999,9 metro zituela. Datuak eguneratu eta neurketa hori biribildu du: 3.000 metro.

ZEHAZTASUNA

Zalantza guztiak uxatu ahal izateko, Sostremetries taldeak argi eta garbi zeukan, Arnales mendiaren tontorrean bertan zehaztasun milimetrikoa duten neurgailu topografikoekin neurketa horiek egin behar zituela -izan ere, azken neurketak 80ko hamarkadakoak dira eta ordutik teknologia asko hobetu da-. Metodologia horrek arrakasta izan du Kataluniako hainbat menditan.

Gailurra zapaldu, hiru ordu antolatzen aritu eta hiru minutu soilik behar izan zituzten altuera argitzeko. ARAGEA teknologiarekin konexioa egin zuten.