NOV. 04 2022 Euskaltzaindiak «Hazia» izenaren aldeko txosten bat egingo du Gasteizko epaile batek ez zion utzi familia bati beren haur jaioberriari Hazia izena jartzen. Euskaltzaindiak izena aztertu du eta ez du eragozpenik ikusten, eta txosten bat idazteko prest agertu da auzia konpontze aldera. Rosa Maria Manteiga, Hazia izena jarri nahi dioten jaioberriaren amona. (EUROPAPRESS | EUROPAPRESS) GARA DONOSTIA Gasteizko epaile batek uko egin zion haur jaioberri bat Hazia izenarekin inskribatzeari, gutxiesgarria delakoan. Epaileak «fonetikoki eta semantikoki oso antzekoa» den beste izen bat jarri zion: Zia. Euskaltzaindia prest agertu da txosten bat idatzi eta haurra Hazia izenarekin erregistratu nahi duen familiaren esku jartzeko; auzia bideratzeko asmoa azaldu du akademiak. Rosa Maria Manteigak, haurraren amonak, salatu zuen Gasteizko epaile batek ez ziela utzi haurrari nahi zuten izena jartzen. Manteigaren ustez, epailearen ezezkoa gaztelerazko itzulpenak «esperma» edo «semen» adierak dituelako izan zen. Manteigak azpimarratu zuen beste hainbat adiera dituela «hazi»-k; «hezi», «zaindu» eta «handitu» esate baterako, eta ez dakiela arazoa non dagoen. Erregistroaren ebazpenak azaltzen duenez, joan den urriaren 26an epailearen erabakiz ohartarazi zitzaien gurasoei aukeratu zuten izena ez datorrela bat Euskaltzaindiak jasotzen duenarekin, eta jaioberriarentzako beste izen bat emateko eskatu zieten. Gurasoek halakorik egin ez zutenez, epaileak jarri zion izena zuzenean: “Zia”, bere iritzirako fonetikoki eta semantikoki oso antzekoa delako. Zehatzago, izen hori Euskaltzaindiak onartzen ote zuen begiratu zuela esan du epaileak, eta bi ondorio atera zituela: batetik, akademiak Hazia ez duela izen gisa aintzat hartu orain arte; eta bestetik, esanahi zehatza ez dagoela argi. Oztopoak euskal izenekin Euskaltzaindiak ohar baten bidez esan zuen txosten bat idazteko prest dagoela izen horren inguruko auzia bideratzeko. Adierazi zuen, familiak eskatuta, azalpenak eman zizkiola Hazia izenaren inguruan, eta eragozpenik ez zuela ikusten izen hori jartzeko hizkuntza aldetik. «Izen arrunt batetik eratorritako beste izen batzuekin (Amets, Haizea, Lizar, Nahia, Zeru, Zuhaitz…) gertatzen den moduan», adierazi zuen. Akademiak gaineratu zuen oraingoan Hazia izenarekin sortu dela arazoa, baina tarteka halakoak gertatzen direla erregistro zibiletan, bereziki izenari atxikitako generoa dela eta, eta, ildo horretan, Euskaltzaindiak 2018an malgutasunez jokatzeko eskatu ziola Espainiako Justizia Ministerioari. HAZIAEpaileak adierazi zuen «hazia»-ren esanahi zehatza ez dagoela argi eta, bestetik, Euskaltzaindiak ez duela izen gisa aintzat hartzen. Akademiaren arabera, «izen arrunt batetik eratorritako izena da».