GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Sparring garaiak atzean utzi ditu Aitor Elordik

Elordi eta Altuna, atzoko aukeraketan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Txapelketa nagusietan aukerarik gabe, Aitor Elordik ondo daki garai honetan zer den bere enpresakideei igandekoa bezalako partidak prestatzen laguntzea. Urrutira joan gabe, zenbatetan ez daki ziur, baina hamaika aldiz aritu izan da Jokin Altunarekin sparring lanak egiten, Bizkaia pilotalekuan bertan. Igandekoa, ordea, oso bestelako hitzordua izango dute finalerako txartela izango baitute jokoan. Mallabitarraren lehen mailako lehena izango litzateke; kaiolako zazpigarrena jarraian amezketarrarentzat.

Adin berekoak izanagatik, garapena ere oso desberdina izan dute pilotari biek. Gipuzkoarrak bi urte lehenago egin zuen debuta eta ia lehen egunetik hasi zen estelarrak jokatzen, eta bizkaitarrak apenas izan du lekurik onenen artean. «Urtarrilean izango dira debuta egin nuenetik zazpi urte eta ia egoera denak bizi izan ditut. Lehen bi urteetan, gozatu baino sufritu egin nuen gehiago, oso berde egin nuelako debuta eta asko kosta zitzaidan zulotik irtetea. Baina motibaziorik galdu gabe lanean jarraitu nuen, gero eta pilotari hobeei irabazten joan nintzen, aurtengo txapelketan kolpea ematea lortu dudan arte», azaldu zuen.

Elordiren baieztapena ez da erabat zehatza, iaz ere lortu baitzuen final-laurdenetako ligaxkan sartzea. «Iazkoa lehen aukera izan zen izar handien aurka jokatu nuena, eta pixka bat falta izan zitzaidan sinistea halako pilotari handiei irabazteko gai nintzela. Jokinen aurka izan zen lehen partida hura eta irten nintzen jokatzera irabazteko aukerak nituela sinistu gabe bezala eta hortxe joan zitzaidan partida -asko estutu zuen, hala ere-. Iaz atera nuen ondoriorik handiena horixe izan zen, nire aukeretan sinistu behar dudala eta horrek aurten asko lagundu dit, nigan asko sinistu dut eta gauzak irten dira», azaldu zuen.

Erik Jakaren aurka gutxienez iazkoa errepikatzeko helburua beteta, aurten beste konfiantza batekin aritu da mallabitarra. «Nik uste ez naizela iazko bera; egunerokoan lan egiten dugu astetik astera hobetzeko eta ahalik eta mailarik onena emateko. Aurtengo txapelketan Jokini irabazteko edo estutzeko gai izan diren pilotariei irabazteko gai izan banaiz, zergatik ez diot Jokini irabaziko? Badakit oso zaila dudala, espezialista handi bat delako, baina aukera horiei heldu behar diet orain».

PAZIENTZIA

Halakoetan ohikoa izaten den bezala, finalerako bere azken oztopoa izango den Jokin Altunak lore ederrak bota zizkion Elordiri, baina utzi zuen ikuspuntu interesgarririk ere. «Elordi oso adibide ona da gaur egun askotan gertatzen dena azaltzeko. Gaur egun pilotariekin presa handia dago eta iruditzen zait marjina handiagoa eman behar zaiela».