Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Groenlandian eginiko esplorazioak emaitza bikaina eman du

Nazioarteko talde batek Qaersorsuaq eta Red Wall izeneko hormatzarretan bi bide berri sortu ditu. 65 eguneko bidaia izan da, eta eskalatzaileek 450 kilometro egin zituzten kayakean.

Jarduera baten berri emateko erabiltzen diren bideak aldatzen ari dira. Hainbat alpinista eta eskalatzailek sare sozialen bitartez zertzelada batzuk ematen dituzte, eta, ondoren, kasu batzuetan, dokumental batean luze eta zabal hitz egiten dute.

Hori gertatu zaio joan den udan Groenlandian izandako nazioarteko espedizio bati. Jacob Cook, Bronwyn Hodgins, Angela Vanwiemeersch, Jaron Pham, Zack Golberg-Poch eta Kelsey Wattsen uharte horretako hainbat hormatzar eskalatzen izan ziren. Oinarria, berriz, esplorazioa izan zen, eta baiezta daiteke emaitza bikaina erdietsi zutela. Besteak beste, bide berri bana sortu zuten Qaersorsuaq eta Red Wall hormatzarretan.

65 eguneko irteera izan zen, eta, oro har, Groenlandiako mendebaldeko kostaldean dauden pareta luzeak aztertzen eta eskalatzen jardun zuten. Horretarako, kayakez 450 kilometro egin zituzten. Cook-ek aipatu du bidaia osoan naturarekin harreman berezia izan zutela: «Mareak eta haizearen norabidea kronometratu behar izan genituen. Groenlandiako bazter haietan naturak erabat agintzen du. Abuztuaren erdialdera uharte horretan udara amaitzen da. Hotz egiten zuen, eta bagenekien berehala elurra eta izotza iritsiko zirela».

Qaersorsuaq murruan zabaldu zuten bide berrian (“Sea Barge Circus”), adibidez, klimak ez zien batere lagundu. Eskaladaren bigarren egunean ekaitz bortitz batek harrapatu zituen hamaketan. Zer edo zer baretu zenean, beste bi luze eskalatu zituzten. Ondoren, elurra egiten hasi zen, eta ekinaldia bertan behera utzi zuten.

Bi egun kanpalekuan egin eta gero, amaitu gabe utzitako lanei gogor ekin zieten: «Egoera oso bitxia bizi izan genuen. Erabat bustita zeuden bi luze egin ondoren, hodeien gainean azaldu ginen. Miraria izan zen! Eguzki ederra eta arroka lehor: txundituta geratu ginen. ‘Sea Barge Circus’ marra biribiltzeko aukera izan genuen. 20 eguneko lan eskerga eskatu zigun, eta horietako zazpi kapsula estiloan igo genituen. Artesi bikainak, arroka perfektua eta den-dena era askean. 900 metroko proposamen berrian, gehienez, 5.11+ zailtasunak gainditu genituen».

ETENIK EZ

Espedizioak eginiko jarduera guztien zati bat baino ez zen izan “Sea Barge Circus”. Berriro kayakak hartu eta leku urrunetan dauden beste hormen bila abiatu ziren.

Red Wall izeneko murruan, adibidez, Hodings, Vanwiemeersch eta Watts-ek “Time is a Construct” bidea ireki zuten. 50 orduko jarduera izan zen, eta 400 metroko ibilbide horretan espero ez zuten bibak bat egin zuten. 5.11 eta A2 zailtasunak gainditu zituzten.

Berez, hormatzar horri Nico Favresse eta enparauek eman zioten ospea 2011. urtean eginiko espedizioan. Hain zuzen ere, Favressek berak eta Ben Dittok “Seagull´s garden” marra (5.11+, 400 m) zabaldu zuten. Bada, aipatu dugun hiruko horrek bidearen lehen errepikapena egin zuen 28 orduko jardunean.

Nazioarteko espedizio horrek beste eskalada batzuk egin zituen, baina azpimarratu ditugunak izan ziren garrantzitsuenak. Amaitzeko, Cook-ek honakoa esan du udan Groenlandiara eginiko bidaiaren inguruan: «Duela bederatzi urte uharte horretan egon nintzen, eta harrigarria da eskalatzeko eskaintzen dituen aukerak. Jacobek eta biok hormatzar asko eskalatu ditugu elkarrekin, eta onartu behar dut Groenlandiak harrapatu egin gaituela». «Alderdi basatia eta oso handia da, eta kayakean alde batetik bestera ibiltzea oso erakargarria izan da. Gogorra ere bai. Esplorazioaren eite bat da, eta hori bilatzen saiatzen gara», esan zuen nazioarteko espedizio honen parte izan den Jacob Cookek.