GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Lointek Gernika Bizkaiak sentsazioak berreskuratu ditu Kanaria Handiaren aurka

Talde bizkaitarrak, ligako azken bi partidak galdu ostean, garaipena eskuratu du -denboraldiko hirugarrena- eta sailkapenean jauzia eman du.

Yguerabide, aurkariaren aurrean, tokia egin nahian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ligako azken bi partidetan porrotak kateatu ostean, garaipen baten beharrean zegoen Lointek Gernika. Aste honetan Malosten jokatzen zuen bigarren partida zen -asteartean galdu egin zuen Eurocupeko partida- eta beraz, sentsazioak berreskuratzea zuen xede Anna Montañaren taldeak, Top 8-an mantentzeaz gain. Eta bai lortu ere! Arerio zuzena izan zitekeen Kanaria Handia taldea mendean hartu eta, seigarren jardunaldiko partida guztiak jokatzea falta bada ere, sailkapenean jauzi handia eman dute bizkaitarrek.

Endesa Ligako hirugarren garaipena erdietsi zuten gernikarrek (3-3 balantzea) eta gainerakoek zer egingo duten zain, bigarren postuan egin dute lo. Postuak postu, partida guztian, oro har, nagusitu izana nabarmendu behar da. Bigarren laurdenean aritu ziren, agian, makalen, edo arerioa ondoen. Kanariarrak 10-24 partziala eginda ia partida berdintzera hurbildu baitziren (36-35). Holesinska eta Redmon -jokalari baliotsuena- nabarmendu ziren.

Garaiz erreakzionatu zuten gernikarrek eta atsedenaldiaren ostean, 29-16ko partziala egin eta partida kasik erabakita utzi zuten. Azken laurdenean, gehiegi sinetsi gabe, azken esfortzua eginda, Malosteko marea moreak lagunduta, garaipena arazorik gabe itxi zuten (80-62). Julie Wojta izan zen etxekoen jokalari baliotsuena (23).

Lointek Gernikaren pare Top 8an mantentzea bilatuko dute gaur IDK Euskotrenek zein Araskik. Donostiarrek igo berri den Hozono Global Jairis jasoko dute Gaskan (11.45ean). Gasteiztarrek Barçari egingo diote bisita (12.15ean).

BASKONIA ETA BILBAO BASKET

Araskiren eta IDKren partidez gain, gaurkoan ACBko bi euskal taldeen dema bana ere jokatuko da. Bilbao Basketek Lenovo Tenerife bisitatuko du, 5-1eko balantzearekin sailkapenaren goialdean aurkitzen den taldea. Ez da dema erraza izango baina Ponsarnaurenek laugarren garaipena bilatuko dute.

Bosgarrena bilatuko du, bere aldetik, Baskoniak, bolada eskasean dabilen Betis baten aurka. Andaluziarrek garaipen bakarra eskuratu dute orain arte eta gainera, azken jardunaldian sekulako jipoia jasotzetik iritsiko da Buesa Arenara.