Jon GARMENDIA
Idazlea

«Ainhoa»

Larunbatean ikusi nuen “Ainhoa” (“Black is Beltza”-ren jarraipena) Donibane Lohizunen. Fermin Muguruza han zen, Jone Unanua ere bai, zuzendaria eta ekoizlea hurrenez hurren. Ostiralean Baionan egin zuten aurkezpena, sekulako arrakastaz gainera. Zaila da maite eta miresten duzun jendeari buruzko iritzi inpartzial bat ukaitea, zailago haiek sortutakoaren analisi objektiboa; distantzia eta atzerapena hartzea kosta egiten baita. Baina hau dena kontuan hartuta, zoragarria iruditu zait lan hau. Ez dut analisi sakonetara sartu nahi.

Hainbeste gauza mugitu dizkit barnean... horrek bakarrik balio du «zoragarri» hitza. Gaztaroa, errebeldia, atxiloketak, Martuteneko ihesa, erbestea, droga, hildako lagunak, estoldetako gerra, espioi eta txibatoak, mertzenario zikinak... ufa!! zenbat detaile ttipi, zenbat bihotzeko soinu, zenbat zimiko. Eta Iñigo, hortxe. Maitasuna. Baina hau dena bizi izan ez duenak ere badu zer sentitu, zer ulertu. Uste dut askotan ikusi behar dela “Ainhoa”, aldi bakoitzean zerbait berria ikusi eta sentitzeko. Barrionuevo ministroak ahoa berriro ireki du, haien mingain zikina eta esku zikinagoak agertzeko, lotsagarria, mingarria. Baina ez da terrorea hedatu zutenen onarpenik behar, herriaren memoria hemen da, eta bide horretan “Black is Beltza” bezalako obrak altxor bat dira memoria historikoa, errelatoa eta justizia aldarrikatzeko. «Defender la alegría como una trinchera...» zioen Mario Benedettik. Ferminek “Ainhoa” utzi digu trintxeran defenda dezagun. Azaroaren 16tik goiti Iparraldeko zinema aretoetan.