GARA Euskal Herriko egunkaria
LIGA F

Merezitako puntu gazi-gozoa ekarri du Alavesek Tenerifetik

Paola golegilea eta Miriam partidaren jokaldi batean. (LALIGA | A)

Denboraldiko bigarren etenaldira inolako garaipenik ospatu gabe heldu da Alaves. Gertu egon zen Tenerifen baina, puntuak eskuratzeko beharra zuen aurkari on baten kontrako partidan aukerak ate bietan egon zirela kontuan hartuta, gasteiztarrek ontzat eman beharko dute puntua. Gazi-gozoa, «nola» baino, «zer» inporta zaielako une honetan, Ligaren lehen herena betetzear dagoenean ez baitute oraindik partida bakarra irabazi eta, bi punturekin, jaitsieran jarraitzen baitute.

Asteazkenean urteko kolpe gogorrenetakoa jaso zuen arren, konbikzioz ekin zion Alavesek partidari, garaipena nahi zuela hasieratik erakutsiz. Gauza bera egin zuen Granadillak lehen zati orekatuan. Etxekoak aurreratu ziren: Piscok areara bidalitako baloiak Paolaren sorbaldan jo eta atean sartu zen.

Partida zertxobait moteldu zen, baina Alavesek suspertu zuen; bigarren zatia hasi bezain laster Sara Carrillok berdinketaren gola sartu zuen.

Bietako inor ez zen konformatu eta minutuak aurrera joan ahala Granadillak gehiago estutu zuen arren, talde arabarra ere kontraerasoan aukera on pare bat fabrikatzeko gai izan zen.