Jon ORMAZABAL
PILOTA

Puntual helduko da urteroko zitara

Hein handi batean bere botikatik emanda -sakea oso ondo baztertu zuen paretara eta errematean zital aritu zen-, aukerarik txikiena ere ez zion eman Jokin Altunak txapelketa bikaina osatu duen Elordiri eta Ezkurdiaren aurka jokatuko du kaiolako finala.

Besarkada estua eman zioten elkarri amaieran.
Besarkada estua eman zioten elkarri amaieran. (Oskar MATXIN | FOKU)

26 urte eskasekin, bere ibilbideko lehen mailako 11. finala jokatuko du Jokin Altunak hilaren 20an Joseba Ezkurdiaren aurka Aitor Elordiri bere botikatik eman eta mallabitarra inolako aukerarik gabe utzi eta gero (22-7). Behar bezala baloratzen ez den dohain bat izan arren, puntualtasuna lekuetara behar den garaian heltzea bada -ez lehenago ez geroago- amezketarra prezisiorik handieneko erloju bat da eta aurten ere ez du lau eta erdiko finaleko zitan hutsik egingo, zazpigarrena izango du jarraian, pandemiak ere eten ezin izan zuen ohitura. Aurrelariaren balentriari -orain arteko espezialistarik onena den Aimar Olaizolak ere ez zuen halakorik lortu- bainaren bat jartzearren, esan genezake halako partidak itxuraz horren erraz ateratzen dituenez, bere buruari meritua kendu ere egiten ez ote dion sentsazioa uzten du sarri.

Izan ere, azken asteetan Jaka, Ezkurdia eta Laso bezalako txapeldunak garaitzetik zetorren Aitor Elordi ezerezean utzi zuen egungo txapeldunak partida ia perfektua jokatuta. Baina horixe dute pilota txapelketek, urteetako lana egun eta ordu jakin batzuetan jokatu behar izaten dela eta une zehatz horietan nekez despistatzen dela amezketarra eta, egunik onena ez izan arren, lehiakorra izaten dela eta oso urriak direla mailarik ematen ez duen egunak.

Emaitzak kontrakorik iradoki dezakeen arren, ezin esan Aitor Elordik, atzo arte txapelketako pilotariak, mailarik eman ez zuenik -egia da sakearekin-eta ez zela aurreko asteetan bezain eraginkor aritu eta orain arte izan ez zuen presioa ere sumatu zaiola aurrerapausoa eman behar izan zuenetan- baina kontua da parean izan zuen arerioak ez ziola partidan sartzeko inolako aukerarik eman.

Eta hein handi batean, bere botikatik emanda utzi zuen jokoz kanpo Jokin Altunak mallabitarra. Sakea zen amezketarraren kezkarik handienetako bat atzoko partidarako eta beldur hori bere aldeko bihurtu zuen, pilota bizi, baina, batez ere, paretara ondo baztertuz. Errestoan ere, errespetua sartu zion Elordiri haren lehen sakea airez erantzunda eta hasiera-hasieratik hartu zuen markagailuaren agintea.

FRESKO ETA ERAGINKOR

Baina sakeaz harago, huts pare bat kenduta, beste guztia ere ondo egin zuen amezketarrak. Peio Etxeberriaren aurka ez bezala, eskuina fresko ikusi zitzaion eta piloteoan ere agindu egin zuen, Aitor Elordi erabat defentsa lanetara behartuz, alderik alde ibilita. Ezkerrez ere, Unai Lasok kantxa horretan bertan egin bezala, txokoan luze jota ere mina egin zion; ez zizkion, Bizkarretakoak bezainbeste tanto sartu jokaldi horrekin, baina airez sartzea eragotzi zion eta, airerik gabe, Elordiren arriskua ere asko murrizten da.

Izan zuen, Altunak luzeegi botatako sake baten ondoren, sakearekin asmatuta, bere momentutxoa Aitor Elordik eta 9-6 gerturatu zen, baina erraz egin zion ihes berriz ere.