GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Sandra Ygueravide, ebakuntza gelara

Antolatzaile titularra galdu du Gernikak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Joan den igandean Lointek Gernika Bizkaiak Kanaria Handiari 80-62 irabazi zion, baina Sandra Ygueravidek min hartuta amaitu zuen neurketa.

Antolatzaile madrildarrak eskuineko eskuan kolpe bat hartu zuen, eta kolpe horren erruz operazio gelatik pasatu beharko du; izan ere, Lointek Gernika Bizkaiako mediku zerbitzuek egindako proben ostean ikusi dute «eskuineko eskuko lehen hatza hautsita» daukala, klub bizkaitarrak atzo bidali zuen mediku txostenaren arabera.

Kantxetara noiz itzul litekeen ez zuten zehaztu. «Lesioaren bilakaeraren arabera» goizago edo beranduago itzuliko da taldera antolatzaile beteranoa.

PARTIDA BIKOITZA

Bistakoa da Ygueravidek ezingo duela aste honetan Lointek Gernika Bizkaiak Estudiantesen aurkako bi neurketetan parte hartu, ez bihar, ezta larunbatean ere.

Bihar gauean, 20.00etan hasita, Emakumeen Eurocupeko H multzoko hirugarren jardunaldia jokatuko dute talde hauek biek Malosten. Aipatu H multzoko bigarren lekuaren bila partida garrantzitsua izango da, biek ala biek Umana Reyer Veneziaren aurka galdu baitute, baina baita Rutronik Stars Keltern talde alemaniarrari irabazi ere.

Larunbatean, berriz, Emakumeen Ligako zazpigarren jardunaldiari dagokion neurketa jokatuko dute 19.30ean, Madrilen. Uneotan talde biek 3-3ko balantzea dute; azken jardunaldian Lointek Gernika Bizkaiak Kanaria Handiari irabazi bazion, Estudiantesek Benbibreren kantxan 67-61 galdu zuen. Estudiantes sailkapeneko seigarren postuan dago orain; bizkaitarrak, bosgarren.

Datorren asteari begira, hilaren 16an Rutronik Stars Kelternen aurka jokatuko dute gernikarrek, eta hilaren 19an denboraldiko aurreneko fasea amaituko dute Anna Montañanarenek, Cadi La Seuren kantxan jokatuta. Ostean, hilaren 21etik 27ra bitartean, «FIBA Leihoak» direla eta, emakumeen saskibaloi lehiaketak eten egingo dira, 2023ko Eurobasketa helburu.

ZORTERIK GABE

Ez dauka zorterik talde gernikarrak lesioekin. Hayesek kluba laga eta gero, Nogaye Lo eta Marta Alberdi galdu ditu Anna Montañanak, belauneko eta sorbaldako lesioen erruz, hurrenez hurren.

Ygueravide gabe, Itziar Ariztimuñoren eta Roso Buchen artean banatu beharko dute gernikarren jokoa antolatzeko ardura, madrildarra osatu artean.