Arnaitz GORRITI
Interview
Maria eraunzetamurgil
Movistar Estudiantes taldeko jokalaria

«Estudiantesek niregan konfiantza du eta lan polita egin dezakegu aurten»

Eurocupeko partida Malosten jokatu bezperan (gaur, 20.00etan), hegaleko donostiarra pozik dago Estudiantesen orain arte egiten ari den lanarekin, iazko belauneko lesioa erabat ahaztu eta gero. Talde gazte bateko kidea da, eta oraindik zer hobetua badute, etxetik kanpo batez ere, baina ilusioa gainezka dauka Gernikaren aurka jokatu aurretik.

(Juan PELEGRÍN | MOVISTAR ESTUDIANTES)

Urduri dago Maria Eraunzetamurgil telefonoaren beste aldean. «Bi urte daramatzat euskaraz elkarrizketarik eman gabe», dio lotsati, baina moldatzen da, uztailean 24 urte bete dituen hegaleko donostiarra. Joan den denboraldia gogorra izan zen berarentzat Lugon: meniskoa hautsi eta ebakuntza eginda, Europara begiratu behar zuen proiektuak galtzak bete lan maila salbatzeko. Baina Estudiantesekin urtebeterako sinatu ondoren, lehengo irribarrea itzuli zaio ezpainetara.

«Lugon asko ikasi nuen. Orain Madrilen gustura nago, eta ez daukat minik; belauna ondo sentitzen dut. Denboraldi polita egin dezakegula uste dut», dio «Maria Zetak», gaur gauean, 20.00etan, Lointek Gernika Bizkaiaren aurka Maloste kiroldegian jokatu bezperan.

«Maria Zeta»? Zer ateraldi da hori?
(Barrez) Taldean beste Maria bat ere badago, Maria Espin, eta Eraunzetamurgil esatea asko kostatzen zaienez, ba «Maria Zeta»rekin geratu naiz. Baina nik uste, nire abizena ez dela horren zaila!
Titularra zara Estudiantesen. Aldea dago iaztik!
Oso ondo sentitzen naiz orain, belaunak ez dit minik ematen. Iaz lesioekin zorte oso txarra izan genuen; ez nik bakarrik, talde osoak. Orain indartsu sentitzen naiz, taldeak konfiantza du niregan eta kantxan gozatzen ari naiz. Oso gazteak gara gehienak, baina gauza politak egin ditzakegula uste dut.
Iaz Ensinorekin dena atzekoz aurrera atera zitzaizuen.
Bai. Jokalari berri asko ginen eta lesioekin oso gaizki pasatu genuen. Nik meniskoa hautsi nuen. Saiatu nintzen hasieran operatu gabe jokatzen, baina azkenean ebakuntza egin zidaten. Gero, gainera, azkarregi itzultzen saiatu nintzen, oraindik behar bezala sendatu gabe nengoela.

Lugon asko ikasi nuen, baina orain Estudiantesen niregan konfiantza jarri dute hasieratik. Uda oso ona izan da, belauna indartzeko lan handia egin dudalako: ariketa espezifikoak, entrenamendua, atsedena... Ikusten da emaitza.

Hegaleko titular moduan eta hegal-pibot moduan, bietara.
Niri jokatzea gustatzen zait eta bietan moldatzen naiz, taldeko beharren arabera. Benetan inporta diona zer ematen dudan da. Entrenatzaileak ematen dizkigun baloreak, alegia: talde borrokalaria izatea, gogorrak izatea, gauzak ondo ez doazenean. Hori da denboraldi on bat osatzeko behar ditugun osagaiak eta horiek ematen saiatzen naiz.
Galdetzen nizun, zure partidarik onena Valentziaren aurka hegaleko moduan jokatzen egin arren, Gernikaren aurka abantaila barrutik duzulako.

Ikusi egin behar. Valentziak hegalean bajak dauzka, eta Gernikak barruan; baina Valentziaren aurka oso eroso nengoen nire aurkaria -Salvadores, ia hamar zentimetro txikiagoa- uztaipera eramaten nuenean. Bestetik, Gernikak ere barruko jokalari bat -Mokango- fitxatu du. Partidak berak esango digu nola jokatu.

Gernikaren aurka H multzoko bigarren postua jokoan dago?

Ikusiko dugu. Biok Reyer Veneziaren kontra galdu dugu, eta Rutronik Keltern alemaniarrei irabazi. Zentzu horretan, Malosteko partidak garrantzi handia dauka. Baina nik uste, Veneziari irabazi diezaiokegula etxean. Italian alde handiaz galdu genuen, baina ia azkenera arte markagailuan hurbil egon ginen.

Gernikarekin berdinduta zaudete Europan, baita Ligan ere. Eta larunbatean Madrilen jokatuko duzue.

Bueno, hasteko, Maloste bezalako kantxa batean irabaztea beti da oso zaila eta gogorra. Magariñosen zaleek lagunduko digute, baina aurretik Malosten partida zaila dugu: aurkariarengatik eta giroagatik.

Europan IDK Euskotrenek debuta egin du. Ez dizu penarik eman Gascan ez jokatzeak?

Ez, ez. Emakumeen Ligan jokatuko dugu beraien aurka! Gainera, asko pozten nau Azuk -Muguruzak- eta bere taldeak Europan jokatu dezaketelako. Pozgarria da helburu hori lortu dutela ikustea.