Jon ORMAZABAL
PILOTA

Martxel Iztueta, bide luzeko atzelaria

Iztuetak bi urterako sinatu du Baikorekin.
Iztuetak bi urterako sinatu du Baikorekin. (BEHAR ZANA)

«Azken urtebete honetan afizionatu mailan gorakada handiena izan duen pilotaria da. Momentu honetan afizionatuetan atzelaririk hoberena, nahiz eta oraindik oso gaztea izan. Normala denez, oraindik marjina handia du, baina oso atzelari konpletoa da, bi esku on ditu, klase handiko pilotaria da, ikusteko oso gustagarria, oso sueltoa, kantxan oso ongi dabilena. Zorte pixka bat baldin badu, eta orain bezala lanean jarraitzen badu, nire ustez atzelari handi bat izan daiteke».

Hitz horiekin deskribatu zuen Aimar Olaizolak, Baikoko kirol zuzendariak, gaur gauean bere enpresan profesionaletara jauzia emango duen Martxel Iztueta atzelari tolosar gaztea. Hitzok argi uzten dute enpresan bertan, eta baita afizionatu mailako pilotazaleen artean ere debut honek sortutako ikusmina; are gehiago, azken urteetan atzeko koadroetan egon diren gabeziak ezagututa, baina ezin da ahaztu 18 urteko pilotaria dela eta, gaur egungo esku pilota profesionalean gazteekin gero eta pazientzia gutxiago izaten dela jakinda, ea adierazpen horiek ez diren presio iturri bilakatzen.

TOLOSAKO HARROBIA

Baina ondo bidean -pilota joko bat da eta asko dira eragiten duten faktoreak- lehen mailan bide luzea egiteko dohainak dituen atzelari batek bere lehen partida jokatuko du profesionaletan, bere bigarren etxea izan den Beotibar pilotalekuan.

Tolosaldeko harrobiak fruituak ematen jarraitzen du eta azken urteetan Olaetxea anaiek bertan egindako lan eskergak beste ale bat eman du eta bi izango dira Gipuzkoako hiriburu izandako herriko profesionalak. Debuterako Unai Laso, egungo Buruz Buruko txapelduna, izango du lagun eta Erik Jaka eta Aitor Aranguren izango dituzte parean; lehen azterketa zaila baina egokia dirudiena, aginagarra ez delako hausten duen atzelari horietakoa. Bihartik aurrera, zailtzea izango du erronka, eta Promozioko Binakakoan izango du aukera.