GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ahizpari gutuna», Mari Paz Jimenezen bizitza eta obra

Mari Paz Jimenez artista eta bere obrak ezagutarazteko asmoarekin, haurrentzat liburu bat ondu du Pamiela argitaletxeak, Bagara sailean. Jimenezek ahizpari idatzitako fikziozko gutun bat da liburua, Elena Olavek idatzia eta Zirrimarrako kideek ilustratua.

Ansa, Olave eta Gorroño, atzoko aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Pamiela argitaletxeko Bagara sailak liburu berria aurkeztu zuen atzo Donostian, “Ahizpari gutuna, Mari Paz Jimenez eta pintura” du izenburua. Bagara sailaren helburua Euskal Herriko emakume artistak ezagutaraztea da. Bigarren alea da Mari Paz Jimenezen (Valladolid, 1909- Donostia, 1975) ingurukoa. Testua Elena Olavek idatzi du, eta irudiak Irrimarrako Karmele Gorroñok eta Irene Iruretak egin dituzte.

Garazi Ansa saileko zuzendariak azaldu zuen haurrei zuzendutako liburuak direla Bagara sailekoak: «Batetik, txikien imajinarioaren sorreran garrantzitsua delako emakumeen obrak egotea. Eta, bestetik, haur askok irakurtzen ez dakitenez, helduekin irakurri behar dute, eta ondorioz, tresna bakarrarekin bi belaunalditara irits gaitezke».

Izenburuak azaltzen duen bezala, Mari Pazek bere ahizpa Rosariori idatzitako fikziozko gutun bat da liburua. Bere ahizpa ere, Rosario Jimenez, artista zen, dantza flamenkoa eta garaikidea egiten zituen; elkarren inspirazio iturri izan ziren. Olavek azaldu zuen gutunaren formatua aukeratu zuela Jimenezek gutun asko idatzi zituelako bere bizitzan.

Figuratibotik abstraktura

Gorroño ilustratzaileak adierazi zuen Jimenezen ibilbide artistikoa jaso nahi izan dutela irudietan ere. Arte figuratiboan lan egiten hasi zen, eta arte abstraktuan amaitu zuen Jimenezek. Irudiek badute segida bat liburu osoan zehar: orrialde guztietan dago aurreko orrialdeko elementuren bat. Hala ere, Gorroñok aitortu zuen «lehenengo iruditik azkenekora asko aldatzen» dela irudia. Idatzietan zein irudietan «asko esan gabe asko kontatzeko» apustua egin dutela azaldu zuten egileek.