GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI ELKARTEA

Zumaiako Indamendi Mendi Bazkunaren 50. urteurrena

Nahiz eta heldu den otsailean bost hamarraldi beteko dituen, zumaiarrak hasi dira ospakizunetan. “Euskal Herria-Aldenik Alde” zeharkaldiaz gain, zenbait emanaldi antolatu dituzte.


Zumaiak badu izendatzaile komun bat: itsasoa. Kosta, itsaslabarrak, flyschak, arrantza… Osagai berezi horiek besarkatzen dute Gipuzkoako herria. Hala ere, kresalaren erdi-erdian bada “oasi” bat mendizaletasunarentzat. Indamendi Mendi Bazkuna du izena. Itsasoa eta mendia elkartzen dituen mendi elkarte horrek heldu den otsailean 50 urte beteko ditu. Hala ere, mendizaleak ospakizunetan murgilduta daude.

Aurtengo “Indamendi Eguna”-rekin etapetan egiten ari diren “Euskal Herria-Aldenik Alde” zeharkaldia martxan jarri zuten. Antolatutako egitarau zabalaren hurrengo “izarrak” emanaldiak izango dira.

Hilaren 29an sorta horri hasiera emango dio Juanjo Garbizuk. Abenduaren 1ean, Mikel Zabalzak lekukoa hartuko du. Bilbao Mendi Film Festival Tour-ak aurkeztutako pelikulek otsailaren 14 eta 16an tokia izango dute. “Emakumeak garai batean eta gaur egun mendian” izenburua duen mahai inguruak indarra hartuko du martxoaren 14an. Eta, amaitzeko, Silvia Vidal eskalatzaile eta alpinista entzutetsua Zumaian izango da martxoaren 16an.

Begien bistan dagoenez, festa giroan murgilduta daude mendizale zumaiarrak. Eta, hain zuzen ere, Indamendikoek beraiek GARAko irakurleekin partekatu nahi dute mendi elkartearen 50 urteko ibilbidea.

Mende erdi bat

Pasatu den mende erdiaren hariari begiratu eta hurrengoari heltzeko gogoz ekin dio Indamendi elkarteak urte osoko jardueren antolaketari; begiratzen den lekutik begiratzen dela ere, 50. urteurrena ospatzea bera elkartearen sendotasunaren erakuslea da, zalantzarik gabe.

Euskal Herriko historia hurbileko gizarte ekimenak sortu ziren garairik emankorrenean bildu zen taldea, 1973ko hasieran, Indamendi elkartea sortzeko. Giro sozial berritzaile hartan, Jexus Aizpurua, Joakin Zubeldia, Mertxe Irureta, Joseba Zubiaurre, Fermin Azkue, Simon Idigoras, Luis Manzisidor, Agustin Esnal, Mertxe Irureta edo Alberto Esnal lagunek osatu zuten abiapuntuko taldea, besteak beste, garai hartako Euskal Herriko herri askotan bezala, Oargi elkarteak antolatzen zituen ekimenetatik abiatuta. Indamendi, berez, altueran mendi apala da, eta gailurra ez dago Zumaiako lurretan, baina Zumaiako leku askotatik ikusten da, eta handik ere Zumaia ederki ikusiko dugu.

Mendiko zaletasunari erantzuteaz gain, herriko beste ekimen kulturalak indartzeko borondatea ere izan zuten hasieratik bertatik. Hala erakusten du, esate baterako, lehen ekimenen artean Santa Agatako korua bultzatzeak. Hasierako irteerak, jakina, hurbileko mendi-bueltak edo asteburukoak izango ziren (ezin ahaztu Santa Engraziako lehen itzuli haiek). Hala abiatuko ziren lehenengo urte haietan Mon Blanc-era (1975) edo, aurrerago, Kantabriako Tresvisora (1990), zer esanik ez Pirinioetara, elkartearen historian leku berezia hartu baitute mendikate horretako ibilbide luze-zabalek, mendizale euskaldun guztien artean gertatzen den bezala. Baina, batez ere, Euskal Herriko mendien aberastasuna ezagutu eta bertan gozatzeko aukera eman du elkarteak. Eta, horregatik, urte osoko ospakizun honetan, leku berezia hartu du gure geografia osoa ekialdetik mendebaldera, etapaz etapa, zeharkatuko duen ibilbide-programak.

Elkarteak izan du, jakina, herriko haurren artean mendizaletasuna zabaltzeko borondatea ere. Guraso gazteei zuzenduta, familia osoak trebatzeko irteera bereziak antolatu ditu inguruko ibilbideetan, batez ere, hasierako urteetan. Eta, arrakasta handia izan zen elkartearen ekimenez egiten diren irteera horiek modu egituratuan Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen eskola-kiroletako egitasmoan sartzea; izan ere, eskola guztietako haurrek parte hartzen dute horietan, eta mendizaletasuna beste kirolen pare jarri da. Eta hori ez da hutsala. Esate baterako, Zumaiako ibilaldi neurtuetan parte hartuz, haurren begietara herriko erdigunea eta auzoak elkartuago daude; ziur asko, irteera horiek lagundu diete, beste ezerk baino gehiagok, Zumaiaren tamainaren eta izaeraren berri zuzena har dezaten, herrigunetik abiatuta, Elorriagatik barrena, Oikia auzoan, Artadirako bideetan; edo urteroko Zumaiako birak herriaren bueltan ibilaldia egiteko.

Mende erdiko perspektibatik begiratuta, zenbait oroitzapen malenkonia puntu batekin ere ikusten dira. Hasierako irteerak prestatzeko, asko izango zuten emoziotik ere mendiko mapa topografikoak zehatz-mehatz aztertzeak eta haien interpretazioan aurrez trebatzeak, iparrorratza eta orientazio sena lantzeko saioak antolatzeak edota isobara mapei erreparatzeak. Mendiko materialek ere ez zuten gaurko arintasuna izango, baina ezin ukatu artileak berekin duen xarma, sarri, sinbolismoz betetako kolorez, eskuz egindako galtzerdi zein jertse edo burukoetan; edo gantzez igurtzitako larruzko bota edo motxilen usainarena. Baina, bai, atzerabegirakoaren erromantizismotik aldenduz, aitortzekoa da gaur egungo materialen erosotasunak eta ziurtasunean irabazitakoak asko erraztu duela mendira hurbiltzea eta adin guztietara egokitutako erronkak planteatzea.

Bere ibilbidean, Indamendi elkartea 300 bazkide baino gehiago izatera heldu da; eta mendiko jarduera bereziak lantzen dituzten adarrak sortu ere, sortu dira, esate baterako, Indamendi eskalada taldea, 2006an eratutakoa, eta gaur egun 60 lagun inguruk osatzen duten kirolari taldea; guztiak helburu berarekin, hau da, jendea mendira hurbiltzen laguntzea.

Izan ere, mendiak berekin du naturaren parte izatearen sentimendu berezi hori, espazioaren handitasuna eta denboraren txikitasuna, barre partekatuaren zarata eta norberaren ezinaren aurrean, isiltasuna; udazkenaren kolorea eta behe lainoaren zuritasuna, izaeraren eta esentziaren arteko oreka, ahalmenaren eta ahultasunaren aurrean taldearen indarra, eta gailurraren zirrara.

Indamendi elkartea belaunaldi desberdinetako lagunen topagunea bihurtu da, beste esparruetan elkartzeko aukerarik ez duten kideen arteko bilgunea, norberarengandik atera eta espazioa eta denbora elkarri eskaintzeko aukera ematen duena, haurrek nagusien eta nagusiek gazteen babesean partekatzen dutena. Horiek eta gehiago ezagutzeko aukera eman du herrian Indamendi elkarteak.

Gaur egun osasun betean da elkartea, antolaturiko irteera guztietan 30 lagun inguruk parte hartzeak, zeharkaldiak egiteko “pertsona gehiagorentzat lekurik ez” kartela jarri behar izateak edo herriko elkarteen artean erreferentziako lekua hartu izanak badu bere esanahia. Eta hala izaten jarrai dezan, besterik ez dugu desira.

Egungo gizarte azeleratu honetan, mendia inoiz baino gehiago babesteko premia dagoenean, komenigarria da modu pausatuan pentsatzeko gaitasunean lagungarriak diren ekimenak indartzea. Ea Indamendi elkarteak hurrengo mende erdia ere ospatzeko aukera duen. Zorionak!