Haritz LARRAÑAGA
SURFA

Alysa Spencer eta Gabriel Medina garaile, CS itzuliko seigarren lehiaketan

Brasilen egindako Challenger Series itzuliko seigarren proban, Alysa Spencer eta Gabriel Merdina txapeldun. Lehiaketa bat falta da CS itzulia amaitzeko.

Gabriel Medina brasildarra eta Alysa Espencer estatubatuarra garaikurrekin. WORLDSURFLEAGUE.COM
Gabriel Medina brasildarra eta Alysa Espencer estatubatuarra garaikurrekin. WORLDSURFLEAGUE.COM

Azaroaren zazpian amaitu zen “Corona Saquarema Pro” sariketa, Challenger Series itzuliko seigarrena. Brasilgo Saquarema hondartza famatuan olatu ederrak izan ziren norgehiagokak iraun zuen artean, eta lehiakideek itzelezko maila erakutsi zuten. Azkenean, Alysa Spencer estatubatuarra eta Gabriel Medina brasildarra nagusitu ziren.

Txapelketa bakarra falta da CS zirkuitua amaitzeko, alegia, azaroaren 26a eta abenduaren 7a bitartean Hawaiiko Haleiwa hondartza mitikoan egingo dena. Beraz, lehen mailari eusteko edo lehen mailara igotzeko aukerak murrizten ari dira lehiakideentzat, eta hori Brasilen nabarmena izan zen. Datorren urtean lehen mailara igo daitezkeen lehiakide posibleen izenak gero eta ezagunagoak dira, eta lehen mailan duten postua galtzeko arriskuan diren surflarien izenak ere bai. Presioa areagotuz doa.

Euskal ordezkariei dagokienez, lehen mailara igotzeko aukera guztiak galdu dituzte. Haleiwako sariketa irabaziko balute ere, haietako inork ez luke CT mailara igotzeko behar adina puntu eskuratuko. Hala ere, maila koxka bat igo dutela erakutsi dute aurten CS mailan lehiatu ahal izan diren Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko sei surflariek.

Aurtengo denboraldian CS itzulian lehiatu ahal izan diren mutilen kategoriako 96 lehiakideen artean euskal ordezkari bakarra izan da: Adur Amatriain, eta, rankingean 38. postuan den arren, etorkizunean arerio arriskutsua izan daitekeela erakutsi du zarauztarrak. Nesken kategorian, ostera, 64 lehiakide izan dira, eta Nadia Erostarbe da egun CS rankingean postu onenean dagoen euskal ordezkaria. Zarauztarra 27. postuan kokatu da, eta haren atzetik, 28. postuan, Ariane Ochoa bilbotarra dago.

spencer eta Medina Ikusmina sortu zuen Gabriel Medinaren parte hartzeak Saquareman, izan ere brasildarrak hiru txapelketa baino ez ditu egin aurtengo CT itzulian, eta ikusleek betiko formari eusten dion jakin nahi zuten. Medinak indartsu dagoela erakutsi zuen eta datorren urtean berriz ere lehiakide hoberenen artean egoteko asmoa duela nabarmendu zuen.

Ramzi Boukhiam marokoarra izan zen finalean buruz buru Medinaren kontra. Boukhiam bikain aritu zen, baina Medinak ez zion arnasa hartzen utzi, eta azkenean brasildarra nagusitu zen, baina 0’24 puntuko aldearekin bakarrik.

Mutilen kategorian ez bezala, alde handiz nagusitu zen Alysa Spencer nesken mailan. Bere arerioa, Tessa Thyssen frantsesa, ariketa anitz egiteko aukera emango zion olatuaren bila aritu zen, baina ez zuen lortu. Garaipen honi esker, Spencer seigarren postuan da CS rankingean; beraz, beste postu bat igoz gero, lehen mailan izango da.